Garesti dago garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea | Kirolak | Artikulua
2018-03-30 16:07

Zapore gazi gozoa utzi zuen partidak, hiru puntuak esku-eskura egon baitziren. Lagun Onakek ezin izan zuen Santutxu mendean hartu, eta puntu batekin konformatu behar izan du Azpeitiko taldeak. Positiboena Lagun Onaken jokoa, partidan goitik behera nagusitu baitzen, eta Landaren itzulera. Eta alde iluna, Orbegozoren lesioa.

  • Lagun Onak: Lopetegui, Renovales, Tena, Olasagasti, Castillo, Aranburu, Cayetano (69. minutuan, Sanchez), Gorka (77. minutuan, Landa), Orbegozo (27. minutuan, Arteaga), Ximon eta Arufe.
  • Santutxu: Lozano, Josuan, Munilla, Elorriaga, Lander, Andoni (78. minutuan, Arkaitz), Iza, Eriz, Varela (64. minutuan, Txaka), Bengoa (56. minutuan, Erre) eta Eleder.
  • Golak: 1-0, Castillo (80. minutuan); 1-1, Iza (87. minutuan).
  • Epailea: Gaizka Arbaiza. Txartel horia erakutsi zien Santutxuko Munilla, Elorriaga, Andoni, Eriz, Varela eta Txakari. 

Jakina da Espainiako Hirugarren Mailako liga zinez lehiakorra dela eta horren adibide Santutxuren aurkako partida. Oso zail dago puntuak hirunaka lortzea. Bi taldeak ere ez ziren batere dinamika onean partidaren atarian. Lagun Onak azken bi partidak galtzetik zetorren; azkena, 6 eta 1 Alaves B ren auka. Santutxu, berriz, azken hiru partidak galtzetik. Bi taldeak gogoz ziren, beraz, egoera iraultzeko.

Partidako lehen abagunea Bizkaiko taldearena izan zen falta jaurtiketa batean, baina atzelari azpeitiarrek arazo handiegirik gabe urrundu zuten baloia. Santutxuren hurbilketa bakarretakoa izan zen partidako lehen minutuetako hori. Handik aurrera, Lagun Onak izan zen partidaren jaun eta jabe. Arufe saiatu zen geldikako jokaldietan arriskua sortzen, baina Santutxuko atezainak ongi erantzun zien ezkerraren jaurtiketei. Hogeigarren minutuan izan zuen Lagun Onakek markagailuan aurretik jartzeko aukera. Cayetanok hasi zuen jokaldia zelai erdian eta Tenari eman zion baloia, hark eginiko erdiraketa Cayetanok berak errematatu zuen, baina atezainak aurrera eta zutoinak ondoren, baloia kanpora desbideratu zuten. Handik gutxira, Azpeitiko taldeak partidako lehen aldaketa egin behar izan zuen ezinbestean. Orbegozok min hartuta zelaia utzi behar izan zuen; Arteagak hartu zuen haren lekua. Ez du zorterik aurrelari azpeitiarrak lesioekin. Atsedenaldiaren aurretik Tenak ere egin zuen bere saiakera urrundik, baina atezainak larri bazen ere, gelditu zuen baloia. Aldageletara, beraz, hutsean.

Bueltan, partidaren dinamika ez zen aldatu. Lagun Onakek partida kontrolpean zuen uneoro. Erasoan bai, baina ezin zulorik aurkitu. Arufe saiatu zen berriro ere falta jaurtiketarekin, baina atezaina erne zebilen. Arteagak ere egin zuen ahalegina ezker nahiz eskuin hegaletik. Ezkerretik egindako jokaldi eder batean area zapaltzea lortu bazuen ere, azken pasea atezainak ostu zion. 76. minutuan lesioen txanponaren beste aldea ikusi genuen. Aspaldiko partez Landa aurrelari azpeitiarrak zelaia zapaldu zuen. Hura sartu eta hiru minutura iritsi zen gola gainera. Renovalesek area kanpotik eginiko jaurtiketa gogorra atezainak ezin izan zuen behar bezala gelditu eta Castillo adi ibili zen aldaratzea sareetara errematatzeko. Partida amaitzeko hamar bat minuturen faltan 1 eta 0 beraz. Ez zirudien gainera Santutxu arriskurik sortzeko gai izango zenik. Hirugarren Mailan, ordea, edozer gerta liteke. Eta halaxe, gaizki defendatutako ondoko sake baten ostean heldu zen bizkaitarren gola. Izaren jaurtiketa ezinezkoa Lopetegirentzat. Garaipenaren bila jarraitu zuen Lagun Onakek baina ez zen gehiagorako denborarik izan.

Zapore gazi gozoa utzi zuen partidak, hiru puntuak esku-eskura egon baitziren. Positiboena Lagun Onaken jokoa, partidan goitik behera nagusitu baitzen, eta Landaren itzulera. Eta alde iluna, Orbegozoren lesioa. Animo! Datorren astean play offetarako borrokan den Reala Cren aurka jokatuko du Lagunek Zubietan.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa