Lagun Onak 2-1 Getxo: konfiantza dosia

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2018ko mar. 5a, 14:30

Durangoren eta Somorrostoren aurka galdu eta partida bakoitzean launa gol jaso ostean, dinamika txarrari buelta emateko lana zuen Lagun Onakek Getxoren aurka. Getxo sailkapenean azken aurrekoa izanik, puntu beharrean zen; beraz, inork ez zuen ezer oparitzeko zelaian. Lagunentzat partida garrantzitsua zen, igoera faserako puntuak eskuratzeko eta Anaitasunaren aurkako derbiaren atarian konfiantza hartzeko.

  • Lagun Onak: Aitzol, Leunda, Tena, Olasagsti, Castillo, Aranburu, Arteaga, Gorka, Orbegozo, Ximon eta Arufe. Aulkian: Elustondo, Lopetegi, Ander, Saraiva eta Ugaitz.
  • Getxo: Unai, Txolo, Lopo, Cube, Degre, Jarein, Erice, Jon, Ormazabal eta Tuto. Aulkian: Luis, Pablo, Urigein, Jonfe eta Julen.
  • Golak: 1-0, Arufe (12.min); 1-1, Jonfe (69.min); 2-1, Ximon (72.min).

Lehen minututik izan zen zer ikusia zelaian. Ikusleal oraindik beren lekuak hartzen ari zirela iritsi zen Lagun Onaken aldeko penaltia. Arufek hartu zuen jaurtitzeko ardura, baina kanpora bota zuen. Damu ziren jokalari eta zaleak, hain azkar lehen gola egiteak lasaitasun handia emango baitzuen. Nolanahi ere, oraindik 90 minutuak zeuden aurretik. Hamar minutu beranduago, ordea, atera zuen arantza Arufek. Etxeko taldea aurreratuko zuen gol bikaina egin zuen ondarrutarrak. Areaz kanpotik atezainaren gainetik egindako erremate loratu bikaina ezkerrarena. Orokorrean, Lagunek izan zuen partidaren kontrola eta atzealdean ez zuen gehiegirik sufritu. Albiste txar bat ere utzi zigun lehen zatiak. Izan ere, Orbegozo aurrelari azpeitiarrak min hartu zuen. Eskuin iztarrari heltzen ziola zirudien Orbegozok. Ugaitzek hartu zuen haren lekua. Atsedenaldira joan aurretik Arteagak bigarrena egiteko aukera izan zuen; baina honen errematea atezainak urruntzea lortu zuen. Aldageletara, beraz, bat eta hutseko markagailuarekin.

Atsedenalditik bueltan Getxo erasora pasa zen. Talde azpeitiarreko atzelariak adi ibili behar izan zuten. 68. minutu inguruan bizkaitarren erasoaldi batean penaltia egin zuen, epaileak hala erabaki zuen behintzat, Leunda azpeitiar gazteak. Itxuraz nahiko garbia zirudien. Penaltiz berdindu zuen markagailua Getxok. Partida amaitzeko hogei minutu faltan, zenbait zalantza sortu ziren zaleen artean. Hala ere, ez zuten asko iraun. Pare bat minutura Ximonek Lagunen bigarrena egin zuen. Kontraerasoan Ugaitzen pase ederra aprobetxatuta errematea barrura. Ez zen gola ospatzeko ere gai izan, ordea. Min hartuta gelditu zen lurrean aurrelari getariarra. Aldaketa eskatu zuen eta min hartuta joan zen aldageletara. Haren lekua Saraivak hartu zuen. Lehen minutuak gazte azpeitiarrarentzat. Amaierara bitartean, Getxok izan zuen berdinketaren gola egiteko aukerarik. Falta jaurtiketa batean Aitzol atezainak bere onena eman behar izan zuen esku bikaina atera eta jaurtiketa desbideratzeko.

Albiste garrantzitsua izan zen Lagun berriro ere hiru puntuen bidera itzultzea. Konfiantzaz gainezka ekingo zaio larunbateko derbiaren atariko asteari. Eskerrik asko Garmendipera etorritakoei; arunbatean Txerloian nahi zaituztegu!