Zamudio 0-3 Lagun Onak: bolada gozoan jarraitzen dute azpeitiarrek

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2018ko urt. 28a, 14:46

Sailkapenaren goikaldean eta play-offetara sailkatzeko borrokan aurkari zuzenetako baten etxean garaipen erosoa lortu zuen atzo Hirugarren Mailako taldeak. Laugarrena da Lagun Onak une honetan, hirugarrenarekin eta bosgarrenarekin berdinduta. Galdu gabe sei jardunaldi kateatu ditu.

  • Zamudio: Ibon, Xabi Franco, Anton (Egiguren, 58. min), Ibai, Iturbe, Dulce, Revuelta, Barahona, Azkorra (Markel Vegas, 52. min), Arman eta Yundi (Zarrabeitia, 57. min).
  • Lagun Onak: Aitzol, Elustondo, Tena, Olasagasti, Castillo, Ander, Arteaga (Orbegozo, 58. min), Aranburu, Ximon (Ugaitz, 80. min), Gorka (Leunda, 71. min) eta Arufe.
  • Golak: 0-1, Arteaga (42. min); 0-2, Ximon (71. min); 0-3, Orbegozo (81. min).
  • Epailea: Iker Ruiz. Txartel horia erakutsi zion Lagun Onakeko Anderri.

Zamudioren zelai zaila bisitatu zuen Lagun Onaken Hirugarren Mailako taldeak atzo, 23. jardunaldiari zegokion partidan. Zamudio play-offetarako borrokan buru-belarri dabilen taldea denez, partida zaila aurreikusten zen. Nolanahi ere, zailtasunei aurre egin eta 0-3ko markagailu erosoarekin nagusitu ziren San Miguelen mutilak.

Lehen zatian zehar bi taldeek izan zituzten markagailuan aurrea hartzeko aukerak. Azpeitiarrek soilik asmatu zuten ate aurrean, ordea. Arteagak, hegaleko jokalari azpeitiarrak, egin zuen huts eta batekoa. Gainera, denboraldiko bere lehen gola izan zen. Bigarren zatian, Lagunek Zamudioren berdinketaren bila joateko grina baliatu zuen beste bi gol egiteko. Kontraerasoan fin azpeitiarrak, Ximonek egin zuen bigarrena. Azken gola 81. minutuan egin zuen Jon Orbegozo aurrelari azpeitiarrak. Lesioak tarteko zelaitik kanpo egon ostean, bueltan da. Partida, beraz, positiboa alde guztietatik; hiru gol, hiru puntu eta sailkapenean hirugarrenarekin berdinduta oraingoz.

Horrez gain, ezin utzi aipatu gabe etxeko harrobitik Hirugarren Mailara salto egin duen azpeitiar gaztearen izena: Aimar Leunda (Azpeitia, 2000). Duela hiru jardunaldi egin zuen debuta atzelari gazteak Soduperen aurkako partidan. Hamar minutu izan zituen orduan. Amurrioren aurkako partida aulkian pasatu eta gero, berriro minutuez gozatu ahal izan zuen; hogei minutu, oraingoan.

Datorren astean Garmendipen izango da partida Balmasedaren aurka. Sei jardunaldi dira jada jarraian galdu gabe; ea datorrena zazpigarrena den! Ez galdu!