Lagun Onak 2-0 Santurtzi: azpeitiarrek ez dute oparirik egin

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2018ko urt. 7a, 21:36

Garrantzizko hiru puntu hauekin laugarren postuan kokatu da Lagun Onak, 33 punturekin. Datorren astean Soduperen zelaia bisitatuko du talde azpeitiarrak.

Fitxa:

  • Lagun Onak: Aitzol, Elustondo, Tena, Julen, Sanchez, Castillo, Arteaga (Gorka, 81. min), Aranburu, Ximon (Cayetano, 66. min), Egaña eta Arufe (Olasagasti, 63. min).
  • Santurtzi: Alex, Eneko, Aranbarri, Yaser, Jaime, Marro, Gonzalo (Ureta 63. min), Beñat, Koldo (Aitor, 46. min), Kepa eta Iker (Endika, 46. min). 
  • Golak: 1-0 Ximon, 17. min; 2-0 Ximon, 34. min.
  • Epailea: Jon Mateos

Larunbat arratsaldean, Errege egunez, Santurtziren bisita izan genuen Garmendipen. Hirugarren Mailako 20. jardunaldiari zegokion partidan play-offetarako borrokan bete-betean dauden bi talde aurrez aurre. Ezusteko protagonista izan zuen, ordea, partidak: eguraldia. Ustekabeko elur jasak zuri utzi zuen zelaia putzurik ez zegoen lekuetan. 'Tiki-taka' alferrik izango zen Garmendipen, beraz.

Elurpean zelairatu ziren 22 jokalari ausartak. Orain baloiak irrist, orain gelditu, zaila zen aukera garbiak sortzea; pase luzeez eta estrategiaz baliatu behar areetara iristeko. Hamazazpigarren minutuan Aitzolek ateratako ateko sake zehatz bat baliatu zuen Ximonek aurreneko gola egiteko. Defentsek baino abildade gehiago erakutsi zuen egoera horretan aurrelari getariarrak eta atezainaren aurrean ez zuen barkatu. Ez zuen barkatuko izandako bigarren aukera ere; hogei minutura egin zuen Ximonek bigarren gola.

Atsedenaldian partida bertan behera geldituko ote zen zurrumurruak izan baziren ere, zelaiko marren gaineko elurrak kendu eta 'arazorik gabe' ekin zioten bigarren zatiari. Partida amaiera bitartean nagusi izan zen orokorrean Lagun; ez zegoen opariak egiteko. Intentsitate handiz egin zuten lan atzealdean. 90 minutuak bete eta berehala amaitu zuen partida epaileak, denek lehenbailehen merezitako dutxa hartzeko.

Futbol aldetik akaso ondorio sakonik ateratzeko moduko partida ez zen izango baina, jokalariek erakutsitako jarrera eta grina gogoz txalotu zuten harmailen 'epelean' bildutako zaleek. Garrantzizko hiru puntu hauekin laugarren postuan kokatu da Lagun Onak, 33 punturekin. Datorren astean Soduperen zelaia bisitatuko du talde azpeitiarrak.