Goiko postuetan bizirik

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea | Kirolak | Artikulua
2017-11-27 12:14

Aurreko postuetan sailkatuta jarraitzeko hiru puntu garrantzitsu lortu zituen Lagun Onakek zapatuan. Etxeko mutilek parez pare izan zuten Aurrera Vitoria, eta neurketa garriskutsua aurreikusten zen. Izan ere, Aurrera Vitoria azken sailkatua izanik, puntuak kosta ala kosta eskuratzera zetorren Garmendipera. Azkenean, etxeko taldea nagusitu zen, 2-0.

Garrantitsua zen partida hasieratik ongi hastea; eta hala izan zen. San Miguelen mutilek erasokor ekin zioten partidari. Hasi eta hamar minutura, ordea, itzaliko zen eraso bolada. Izan ere, Laguneko Aranburuk eta Aurrera de Vitoriako jokalari batek kolpe gogorra jaso zuten buruan eta partida geldirik izan zen bost bat minutuz. Aranburuk zelaia utzi behar izan zuen eta Egaña sartu zen haren lekuan. Partida nabarmen hoztu zen. Bi areetan ez zen estuasun nabarmenik izan hogei bat minutuan. Lehen abisua Aurrera de Vitoriakoek eman zuten. Aurrelari arabarrak Lopetegiren aurrean eginiko erremate loratua zuzenean kanpora bota zuen. 42. minutuan iritsi zen etxekoen lehen gola. Olabarriak eginiko erdiraketa bere atean sartu zuen Aurrera de Vitoriako atzelariak. Bigarrena ere hurbil izan zuen Lagunek atsedenaldira joan aurretik baina Arteagaren erdiraketa arriskutsua errematerik gabe gelditu zen. Honenbestez, bat eta hutseko markagailuarekin aldageletara.

Bigarren zatia ondo hasi zuten azpeitiarrek. Arteagaren errematea zutoinera joan zen. Aukera garbiegirik izan gabe baina nagusi izan zen Lagun bigarren zatian. Aurrean Olabarriak buruhauste ugari sortu zituen; atzeko lerroan, berriz, sendo azpeitiarrak. Nolanahi ere, gol baten aldeak ez zuen lasaitasunerako betarik ematen. Lasaitasuna emango zuen gola arauzko denbora amaitzeko bi minuturen faltan heldu zen. Egaña izan zen goleatzailea. Ez zen gehiagorako denborarik izan Garmendipen.

Talde osoaren partida serioaren fruitu izan ziren hiru puntuak. Hauei esker, taldeak sailkapenean gora begira jarraitzen du, liderrarengandik bost puntura. Hurrengo partida nahiko larri dabilen Basconiaren aurka jokatuko du etxetik kanpo.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa