Denbora gehiegitxo partidan sartzeko

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2017ko urr. 13a, 17:35
  • Lagun OnakAitzol, Elustondo, Olasagasti, Castillo, Cayetano, Sanchez, Landa (Orbegozo, 73.min), Gorka, Ximon, Aranburu (Egaña, 49.min) eta Arufe (Arteaga, 57.min)
  • SomorrostroKevin, Rekejo, Lander, Ariño, Santa Mari, Cruces, Cortezón (Manutxo, 72.min), Olondo (Borja, 63.min), Alkegi, Ruben (Eneko, 84.min) eta Bittor.
  • EpaileaVillaquidan. Lagun Onakeko Castillo eta Orbegozok txartel horia ikusi zuten. Somorrostroko Kevin, Cruces eta Bittorrek ere bai.

8.jardunaldiari zegokion partidan Somorrostro talde bizkaitarra izan zuen aurkari Lagun Onakek. Azken hiru jardunaldietan garaipenik lortu ez eta, San Miguelen mutilek 3 puntuekin egin nahi zuten topo berriro afizioaren aurrean.

Partida hasieran, ordea, ez zirudien garaipen gose gehiegirik zenik zelaian. Bi taldeak egoki kokatuta zeuden zelaian eta defentsak erasoen oso gainetik egon ziren. Lehen 45 minutuetan aukera garbiegirik egon ez izana horren erakusle. Orokorrean, talde bisitariak izan zuen baloiaren kontrola baina etxekoek hurbilketaren arriskutsuren bat edo beste izan zuten; Ximonen erremate bat kanpora eta eskuin hegaletik eginiko jokaldi polit bat. Ikuskizun aldetik gutxi eman zuen lehen zatiak. Markagailua hutsean zela joan ziren bi taldeak aldageletara.

Bigarren zatiak beste itxura bat hartu zuen. Hasieratik bertatik, Lagun erasoan hasi zen. Errematerik ez hiru zutoinen artean, baina beldur pixkat sartu zitzaien atzelari bizkaitarrei. Aldaketek ere freskotasun handia eman zien azpeitiarrei. Egaña eta Arteaga sartuz gerotik taldearen jarrera nabarmen aldatu zen. Etxekoen lehen aukera garbia bigarren zatiko hamahirugarren minutuan iritsi zen. Cayetanoren erdiraketa Landak buruz errematatu zuen baina kanpora. Ikusleak ere, gusturago ikusten ari zirenarekin, sartu ziren partidan. Etenik gabe erasoan jarraitu zuen Lagunek esker nahiz eskuin hegaletatik atea bilatu nahian. Arauzko denbora bukatzear zela partidako gol aukerarik garbiena iritsi zen. Ximonen burukada geldiketa bikain batekin desbideratu zuen Kevin atezainak. Ahaleginak ahalegin ezin markagailua estreinatu etxekoek. Gainera, partiduko azken jokaldietan bizkaitarrek izan zuen partida erabakitzeko gol aukera. Korner osteko errematea Aitzolek gelditzea lortu zuen. Gaitz erdi.

Hutsean amaitu zen beraz Garmendipen jokatutako partida. Partidan sartze kosta zitzaion Lagun Onak bat ikusi genuen, bigarren zatian partida erabaki ahal izan zuena. Nolanahi ere, arantza hau ateratzeko parada izango dute azpeitiarren igandean 11:30etan Getxon. Eta datorren asteburuan Anaitasunaren aurkako derbya. Ez da etenik!