Bi zati, bi partida

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2017ko urr. 2a, 12:42

Lagun Onak eta Sestao River, goiko postuetan borrokatzeko deitutako bi talde, izan ziren aurrez aurre Garmendipen seigarren ardunaldiari zegokion partidan. Sestao River, bigarren B mailatik jaitsi berri den taldea, lehenbailehen berriro igotzeko helburuarekin da. Partida gogorra, beraz, azpeitiarrentzat. Talde bizkaitarrean ziren orain gutxi arte Lagun Onaken aritu izan diren Arza, Murua eta Turrillas. Aurkariak ez zuen sekreturik beraz; ezagutzea ez da nahikoa. 90 minutu zail zeuden aurretik buru belarri lan egin beharrekoak.

Partidako lehen hurbilketa Sestaok egin bazuen ere, hamargarren minututik aurrera Lagun Onak jaun eta jabe izan zen partidan. Arriskua sortzea lortu zuen geldikako jokaldietan, kontraerasoan, era guztietan. Gorka bikain sartu zen partidan. Aurrena berak izan zuen markagailua estreinatzeko aukera, baina bere jaurtiketa atezainaren eskuetara. Ondoren, berriz, Orbegozok bi buruz buruko izan zituen atezainaren aurrean; atezaina, ordea, salbatzaile. Geldikako jokaldietan Aruferen erdiraketa eta jaurtiketa guztiek sortu zuten arriskua. Sestaoko atezaina ezin gainditu inolaz ere. Castilloren burukada geldiketa bikainarekin desbideratu zuen Lavinek. Atezaina ez bazen zutoina izango zen sestaotarren salbatzaile; Elustondoren jaurtiketak zutoina jo eta kanpora. Gezurra zirudien arren, huts eta hutseko markagailuarekin sartu ziren bi taldeak aldageletara. Atearen aurrean ezin izan zuen asmatu etxeko taldeak, baina ikusleak oso gustura ziren ikusitako joko erasokorrarekin.

Bigarren zatian erabat aldatuko zen partidaren nondik norakoa. Hotz itzuli zen etxeko taldea zelaira eta pixkanaka Sestao baloiaren kontrolaren jabe egin zen. Aukera arriskutsurik ez zuen sortzen baina argi zegoen Lagun ez zela lehen zatiko futbol alaia sortzeko gai. Hala ere, izan zuen aurreratzeko aukerarik. Beste behin, Aruferen falta jaurtiketak larri ipini zituen Sestaoko atzelari eta atezaina. Azkenean, Aitzol izan zen protagonista. Azken txanpan sartuta bi geldiketa garrantzitsu egin zituen atea hutsean mantzentzeko. Puntu banaketarekin konforme geratu behar azkenean. Lehen zatia ikusita gutxi dirudi puntu bakarrak, baina ezin ahaztu azken minututako estuasunak. 

Datorren astean, Lagun Onakek liderraren zelaia bisitatu beharko du. Durangok aste honetan 4 eta 1 galdu badu ere, ez dizkio batere lan errazik jarriko San Miguelen mutilei. Ea lehen zatiko itxura emateko gai diren azpeitiarrak. Bide batez, eskerrak eman Garmendipera hurbildu zirenei! Aupa Lagun!

  • Lagun Onak: Aitzol, Tena, Elustondo, Olasagasti, Castillo, Sanchez, Arufe (Julen, 72.min), Gorka, Orbegozo (Landa, 66.min), Aranburu eta Ximon (Cayetano, 57.min).
  • Sestao River: Lavin, Gago, Cabanas, Murua, Arzamendi, Diarra, Alatair, Rubio, Camilo (Villar, 57.min), Urzelai (Etxaburu, 79.min) eta Orozko (Garmendia, 74.min)
  • Epailea: Azkano. Txartel horia erakutsi zion Lagun Onakeko Juleni. Sestaoko Cabana, Diarra eta Urzelaik txartel horia ikusi zuten.