Lagun Onak nagusi, Zamudioren aurka etxean jokatutako partidan

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2017ko ira. 18a, 16:44

Laugarren jardunaldiari zegokion partidan, Lagun Onakek Zamudio hartu zuen etxean. Aurreko jardunaldian Amurrioren aurka berdindu ostean, garaipen gosez ziren San Miguelen mutilak. Euri zaparradaren ostean, eguzkia irtetearekin batera hasi zen neurketa Garmendipen. Markagailuan 2-1, etxekoak izan ziren nagusi.

Etxeko jokalariak gogotsu sartu ziren partidan hasieratik. Lehen hurbilketak denbora gutxian iritsi ziren. Ezker nahiz eskuin hegaletatik arriskua sortzea lortu zuten azpeitiarrek. Nolanahi ere, geldikako jokaldi batean Zamudiok erakutsi zuen, haiek ere garaipena nahi zutela. Lagunek, ordea, ideiak garbi izan zituen eta atzean gelditu beharrean erasora jo zuen. Partiduko lehen gola ustekabean iritsiko zen. Talde bizkaitarra erasoa atzetik antolatu nahiean ari zela, atezainari eginiko pase txar batek ate barruan amaitu zuen. Zorte txarreko gola, baina berdin balio duena. Ordu erdi eskas partida hasi zenetik eta Lagun jada aurretik zen markagailuan. Atsedenaldira bitartean ere etxekoak izango ziren baloiaren jabe. Landa, Arufe eta konpainiak hainbat buruhauste sortu zizkieten atzelari bizkaitarrei.

Atsedenalditik bueltan, Zamudioren erantzuna iritsi zen. Bigarren zatia hasi eta berehala berdinketaren gola sartzea lortu zuten. Eskuin hegaletik eginiko erdiraketa, Guibertek sareetara. Banakoa markagailuan eta bigarren zati osoa aurretik. Lagunek ez zuen bururik makurtuko ordea. Lanean jarraitu zuen eta horrek fruitua eman zion. Elustondoren enegarren igoera faltaz gelditu beste erremediorik ez zuen izan Zamudioko atzelariak; area barnean eginiko falta, beraz, penaltia etxekoentzat. Arufek hartu zuen jaurtitzeko ardura eta bai asmatu ere. Atezainak baloiaren norabidea asmatu bazuen ere, baloia zutoinaren ondo ondotik barrura. Partida amaiera bitartean, Lagunek partida erabakita uzteko aukerarik izango bazuen ere, emozioa izan zen nagusi. Azken minutuetan sartuta Zamudiok gora egin zuen berdinketaren bila. Hala ere, Lagun Onakeko atzelarien lana benetan ona izan zen. Aipagarria Tenak, kapitainak, eginiko neurketa; ezker hegaleko pasabidea itxita zegoen Zamudiorentzat.

Ez zen gol gehiago izan eta 2-1 markagailuarekin Lagun Onakek denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen. Lagun Onak bosgarren da sailkapenean zazpi punturekin, liderrarengandik hiru puntura. Datorren asteburuan Balmasedaren zelaia bisitatu beharko dute azpeitiarrek. Aupa Lagun!

Lagun Onak: Aitzol, Elustondo, Tena, Olasagasti, Castillo, Sanchez (Julen, 82.min), Landa (Arteaga, 61.min), Gorka (Aranburu, 72.min), Ximon, Egaña eta Arufe.

Zamudio: Galder, Pablo, Arceo (Camillo, 65.min), Celador, Iturbe, Guibert, Xabi, Eguiguren, Vegas, Barahona (Yundi, 81.min) eta Unai.

Golak: 1-0, Zamudiok bere atean (29.min); 1-1, Guibert (47.min); 2-1, Arufe (55.min).

Epailea: Alai Ojeda. Lagun Onakeko Elustondok txartel horia ikusi zuen, bai eta Zamudioko Guibertek ere.