Lagun Onak 0-1 Beasain: zati bat talde bakoitzarentzat

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2017ko mai. 8a, 21:41

Lagun Onak: Aitzol, Elustondo, Tena, Egaña (Ansoalde, 88. min), Arzamendi, Aranburu, Landa, Iparra, Arteaga (Lapazaran, 71. min), Otamendi eta Moya (Beñat, 67. min).

Beasain: Iturbe, Zubeldia, Jonma, Kintana, Aranda, Txistu (Imaz, 89. min), Claver, Aiert, Jon Ander (Asensio, 71. min), Orue eta Pablo (Imanol, 87. min). 

Golak: 0-1, Pablo (24. minutua).

Epailea: Azkano. Beasaingo Pablok (81. min), Arandak eta Aiertek (89. minutua) txartel horia ikusi zuten.

Partida estu eta gogorra espero zen joan den larunbatean Garmendipen; eta hala izan zen. 37. jardunaldiari zegokion partida oso erabakiorra zen bi taldeentzat; batetik, Lagun Onak salbatu gabe zegoelako, eta bestetik, Beasain play-offen borrokan dagoelako. Partidaren erakargarritasuna medio, jende ugari bildu zen Garmendipen.

Lehenengo zatian Beasain izan zen zelaian jaun eta jabe. Hasieratik eskuratu zuen baloiaren kontrola eta Lagun Onak ez zen gai izan hura berreskuratzeko. Baloiaren jabetza tarteko, Beasain hasi zen pixkanaka aukerak sortzen. Buruz eginiko erremate arriskutsu bat, area kanpotik eginiko jaurtiketa bat... Behin eta berriz, baloia Lagunen ate inguruan. 24. minutuan iritsi zen gola. Areaz kanpotik eginiko jaurtiketa ez zuen ongi neurtu Aitzolek eta ate barruan amaitu zuen baloiak. Markagailuan atzetik zela hasi zen Lagun Onak pixkanaka erasoan. Baloiaren kontrola eskuratu zuen, baina ezin aukera garbiegirik sortu. Atsedenaldira 0-1 joan ziren. Bigarren zati osoa zuen Lagun Onakek jokoa eta markagailua hobetzeko.

Bigarren zatian iritsi zen Arrateren mutilen erreakzioa. Hasieratik sortu zizkieten Laguneko aurrelariek Beasaingo atzelariei hamaika buruhauste. 59. minutuan iritsi zen ordura arteko Lagun Onaken aukerarik garbiena. Otamendik area ertzetik eginiko jaurtiketa zutoinak desbideratu zuen. Handik gutxira, Moyak buruz eginiko errematea gutxigatik joan zen gora. Oraindik 25 minutu zeuden aurretik eta nabari zen Lagun Onakek sinesten zuela. Erasoan jarraitu zuen etxeko taldeak etenik gabe, baina ezin atea zulatu. Luzapenean iritsi zen Lagun Onaken azken aukera. Falta arriskutsua etxekoen alde eta Otamendik gutxigatik, baina gora bidali zuen. 0-1, hiru puntuak Beasain aldera.

Bi taldeek zati bana kontrolatzea lortu zuten baina Beasainek soilik asmatu zuen ate aurrean. Punturik gabe gelditu zen Lagun Onak zaleen aurrean jokatu zuen denboraldiko azken partidan. Hala ere, dena ez zen negatiboa, eta Amorebietaren garaipenari esker, Lagun Onakek hurrengo urterako ere Hirugarren Mailako txartela bermatu zuen. Zorionak!