Porrot gogorra Balmasedaren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2017ko mai. 2a, 14:08
Mikel Landa, zapatuko partidan. (Otola)

Balmasedaren aurka jokatu zuen ligako 36. jardunaldiko neurketa Lagun Onaken 3.mailako taldeak joan den zapatuan. Partida garrantzitsua zen Azpeitiko taldearentzat, sailkapenean gauzak oso estu daudelako. Partidaren kronika egin du Lagun Onakek.

Lagun Onak 0-3 Balmaseda

Lagun Onak: Aitzol, Elustondo, Tena, Egaña, Arzamendi, Julen Landa (Gereta 85.minutua), Iparra, Arteaga (Lapazaran 60.minutua), Otamendi eta Aranburu (Ansoalde, 79.minutua).

Balmaseda: Ivan, Jon Estebez, Aitor, Ander, Joseba, Andoni, Mikeldi (Ander, 84.minutua), Iñigo, Ander, Borja eta Endika (Roberto, 75.minutua).

Golak: 0-1 Joseba, 15.minutua; 0-2 Iñigo, 79.minutua; 0-3 Borja, 87.minutua.

Epailea: Portela eta Telmo. Txartel horia ikusi zuten Lagun Onakeko Arteaga (44.minutua) eta Julenek (25 eta 66.minutua), eta Balmasedako Endikak (68.minutua). Julenek txartel gorria ikusi zuen bi txartelen ondorioz.

PORROT GOGORRA BALMASEDAREN AURKA

Lagun Onakek Balmasedaren aurka neurtu zituen indarrak pasa den larunbatean Garmendipen. 36. jardunaldiari zegokion neurketa, garrantzi handikoa zen talde azpeitiarrarentzat sailkapenean gauzak oso estu daudelako. Aurkari zuzena zen Balmaseda baina koska bat gorago agertu zen zelaian. 0 eta 3 markagailuan, 3 puntuak talde bizkaitarrarentzat.

Hotz sartu ziren Arrateren mutilak partidara. Hasiera hasieratik izan zen Balmaseda partidaren jabe nahiz arrisku garbirik sortu ez. Lagun Onakek baloia zuenean ezin izan zuen jokaldirik josi; bizitasuna falta zen. Hamaikagarren minutuan iritsi zen Balmasedaren gola. Kornerra buruz sareetara errematatu zuen Josebak. Markagailuan atzetik hain goiz jarrita erreakzio nabarmena espero zen Lagun Onaken partetik; asko kosta zitzaion ordea. Lehen gol aukera Land

ak izan zuen eta bere errematea gutxigatik joan zen kanpora. Nolanahi ere, eraso boladak ez zuen jarraipenik izan. Ezin zuen zulorik bilatu Lagunek. Gainera, atsedenaldira iritsi aurretik Balmasedak izan zuen bigarren bat sartzeko aukerarik. 0 eta 1 markagailuan, aldageletarako bidea hartu zuten bi taldeek.

Oraindik bigarren zati osoa zegoen partida iraultzeko eta bazegoen aukerarik. Lagun oso erasokor hasi zen, batez ere eskuin hegaletik. Lagun buruhausteak sortzen ari zenean ordea, Julenek bigarren txartel horia ikusi eta zelaia utzi behar izan zuen. Bat gutxiagorekin, maldan gora zegoen partida, are pikoago jarri zen. Hala ere, Lagun Onakek ez zituen besoak jaitsi eta lanean jarraitu zuen. Otamendi eta Landak eskuin hegaletik nahikoa buruhauste sortu zizkieten Balmasedako atzelariei. Azken hamar minutuetan sartzear, ordea, Balmasedaren bigarren gola iritsi zen. Bat gutxiagorekin jokatzeak eskatzen duen gain-esfortzuaren ondorioz ziurrenik, Lagunek atzean sartzea beste aukerarik ez zuen izan. Partida erabakita utziko zuen hirugarren gola 87.minutuan iritsi zen.

0 eta 3 markagailuan, porrot mingarria izan zen talde azpeitiarrarentzat. Hau ez da gelditzen, ordea. Datorren asteburuan Lagun Onakek Beasain hartuko du etxean, azken aurreko jardunaldiari dagokion partidan. Lagun 13. postuan da 44 punturekin. Oraindik atzeko postuetan ez dago ezer erabakita eta beraz, azken bi partidak berebizikoak izango dira Lagun Onakentzat. Beraz, ez galdu Beasainen aurkako neurketa. Aupa Lagun!