Lagun Onak 2-1 Vitoria: garaipen borrokatua liderraren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2017ko api. 18a, 13:24

Lagun Onak: Aizpurua, Elustondo, Tena, Murua, Egaña, J. Aranburu, Landa (Ansoalde, 80. min), Iparragirre, Lapazaran (Arteaga, 50. min), Otamendi eta E. Aranburu (Moya, 87. min).

CD Vitoria: Cebria, Etxebarria, Corral (Adeva, 87. min), Moreno, Lopez, Azkue, Dorrio, Ribeiro (Amorrortu, 60. min), Conde, Ortega eta Aizpuru.

Golak: 0-1 Lopez (6. min); 1-1 Landa (17. min); 2-1 Aranburu (23. min).

Epailea: Guijarro Mercado. Txartel horia ikusi zuten J. Aranburuk, E. Aranburuk, Tenak, Elustondok eta Aizpuruak.

 

34. jardunaldia ixten zuen norgehiagoka zen Lagun Onak eta Vitoriaren artekoa. Giro ederra, jai eguna, maila handiko aurkaria... jendea Garmendipera hurbiltzeko pizgarri izan ziren. Gainera, Alex Aizpururen itzulera zen bere etxera Vitoriaren elastikoa defendatuz. Osagai ugari zituen neurketak ikusgarria izateko.

Eta hala izan zen. Hasi eta berehala iritsi zen Vitoriaren gola. Lopezek buruz eginiko errematea sareetara. Maldan gora jarri zitzaion partida Lagun Onaki. Are malda pikoagoa epaileak etxekoen aurkako penaltia adierazi zuenean. Lehen hamar minutuak bete ez eta Vitoriak bigarren gola egiteko aukera zuen. Nolanahi ere, jaurtiketa kanpora bota zuen eta Lagunek bizi-bizirik jarraitzen zuen.

Pixkanaka hasi zen Lagun Onak aukerak sortzen. Lagun erasoan zela, Vitoriako atzelariek penaltia egin zioten Landari eta epaileak hala adierazi, hamaseigarren minutuan. Otamendik hartu zuen jaurtitzeko ardura. Atezainak baloia gelditu zuen baina Landa erne zen aldaratzea sareetara bidaltzeko. Banakoa markagailuan eta partida osoa aurretik oraindik ere.

Etxeko taldea hazi egin zen eta handik bost minutura markagailua irauliko zuen gola sartu zuen. Otamendiren erdiraketa zoragarria buruz sareratzea lortu zuen Zelaik. Garmendipen zen jendea pozarren. Baina aurrean zegoen taldea zerbaitegatik zen liderra, eta oraindik neurketa erdia baina gehiago gelditzen zen jokatzeko.

Hasiera bizi eta ikusgarri horren ostean, lasaitasuna nagusitu zen zelaian atsedenaldira bitartean. Lagun Onak 2 eta 1 aurretik, berrogeita bost minutu gogorren faltan.

Atsedenalditik bueltan Vitoriak hartu zuen jokoaren ardura. Baloiaren kontrola izan zuen talde bisitariak baina ezin arazo larriegirik sortu etxeko atzelariei. Azken hogei minutuetan iritsi zen Vitoriaren eraso bolada. Lagun atzean sartu eta markagailua mantentzera, kosta ala kosta. Behin arauzko denbora beteta iritsi zen Vitoriaren aukera argiena. Aizpurua ez zen batere erne ibili eta baloia lurrean jarri zuenean, han zuen aurrelari bisitaria atzetik baloia harrapatzeko prest. Elkarren segidan eginiko bizpahiru jaurtiketak gelditzea lortu zuen atezain zumaiarrak. Jarraitzaileen izua, txalo zaparrada bihurtu zen segundo gutxiren buruan.

Ez zen denbora gehiagorik izan. Lagun Onak 2-1 Vitoria. Garaipen oso garrantzitsua ligaren azken txanpa honetan jaitsiera postuetatik are gehiago urruntzeko. Aupa Lagun!