Denboraldiko azken neurketa, Lagun Onaken Liga Nazionaleko jubenil taldearentzat

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2017ko api. 6a, 10:44

Realaren aurka jokatuko dute Xuban Peñaren zuzendaritzapean dauden mutilek. Zapatuko partidan ez dute ezer jokatzen ez talde batek ez besteak, baina "xarma handiko partida" izango dela uste du entrenatzaileak.

Liga Nazionaleko Jubenilek denboraldiko azkenengo neurketa jokatuko dute igandea, hilak 9, Garmendipeko zelai naturalean, 17:00etan, Realaren aurka.

Xuban Peñaren zuzendaritzapean dauden mutilek, aurreko astean lortu zuten mailari eustea Durango taldeari etxetik kanpo 1-4 irabazi ostean. Denboraldi gogorra izan dute, baina egindako lan guztiak merezi izan du. Datorren denboraldian, 4. urtez jarraian, Nazionalean jarraituko du taldeak.

Entrenatzailearen esanetan, "liga oso estua joan da, parekotasun handia dago eta argi zegoen denboraldi amaiera arte ez zela ezer erabakiko. Ikusi besterik ez dago sailkapena... Zorionez, azkenengo emaitza honek matematikoki mantendu gaitu eta oso pozik gaude horregatik. Gazteek egin duten lana izugarria izan da".

Realaren aurkako neurketan ez dute ezer jokatzen ez talde batek zein besteak; baina hala ere xarma handiko neurketa izango dela uste du entrenatzaileak: "Jokalari askoren azkenego neurketa izango da jubenilekin eta talde teknikoak ere ez du jarraituko lanean talde honekin; baina neurketa irabaztea nahi dugu denboraldiari amaiera ezin hobea emateko".

Animatu eta hurbildu taldea animatzera. Aupa Lagun!