Bostekoa eman dio Lagun Onakek Amurriori

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2014ko abe. 1a, 10:04
Espainiako Ligako Hirugarren Mailako mutilak (Hemerotekako argazkia)

Partidu borobila jokatuta, 5 eta 0 irabazi dio Lagun Onakek Amurriori, etxean. Beraz, Turrillasen mutilek arnasa hartzeko beta izango dute astean zehar. Erregionalek ere garaipena eskuratu dute, eta jubenilek ezin izan dute punturik ekarri Arabatik.

Partidu bikaina jokatu zuten Hirugarren Mailako mutilek larunbatean, eta horrela iritsi zen garaipena: 5 eta 0 irabazi zuten Amurrioren aurka. Lehen unetik erabakior irten zen taldea zelaira, estu hartu zituen aurkariak eta lan borobila osatu zuten Turrillasen mutilek. Horren erakusle da markagailua. Lehen unetik hartu zuten aurre Lagun Onakek, Amurrioko jokalari batek bere atean gola sartu ostean. Azpeitiarren golak ere segituan iritsi ziren, 18. minuturako Anderrek gola sartu zuen, eta 2 eta 0ekoarekin joan ziren bi taldean atsedenaldira. Erritmo ona finkatu zuen Lagun Onakek, eta talde arabarrak ezin izan zion horri erantzun.

Bigarren zatian ere intentsitateari eutsi zioten Turrillasen mutilek. 48. minuturako iritsi zen hirugarren gola, Anderren bigarrena, eta tartea handitu zuten etxekoek. Lau minutura, 4 eta 0koa ekarri zuen Ibarluzeak, 52. minutuan. Lagun Onakek menderatu zuen baloia eta jokoa, eta irudi bikaina eman zuten zelaian. Hala ere, partidua amaitzerako, Anderren hirugarren gola, hat-trick-a iritsi zen, 88. minutuan. Azpeitiarrek oso ondo egin zuten lana, eta partidu polita eskaini zieten Garmendipeko zaleei. Orain, lasaiago hartu dezakete arnasa Hirugarren Mailako mutilek; izan ere, hamabosgarren postuan daude, hamasei punturekin. Hala ere, denboraldia luzea da, eta badakite lanean gogor jarraitu behar dutela. Taldearen hurrengo geldialdia Bermeon izango da.

Bestalde, erregionalek ere hiru puntuak eskuratu zituzten larunbatean, Aretxabaletaren aurka. Hauek ere, Hirugarren Mailako mutilak bezala, lasaiago igaroko dute astea. Izan ere, bi taldeek bina garaipen eskuratu dituzte azken bi jardunaldietan; eta badirudi, apurka-apurka, martxa ona hartzen ari direla. Erregionalak hamabigarren postuan daude, hamar punturekin, eta Getariako Keta hartuko dute etxean datorren astean.

Jubenilak punturik gabe

Jubenilek ezin izan zuten punturik eskuratu larunbatean Gasteizera eginiko bidaian. Izan ere, 2 eta 0 galdu zuten Aurrera Vitoria taldearen aurka. Arabarrek ondo probestu zituzten beraien aukerak, eta Lagun Onakek ez zuen horretarako aukerarik izan. Hala ere, Xuban Peña entrenatzailearen arabera, mutilek "irudi ona" eman zuten, eta "lana ondo" egin zuten, batik bat, defentsan. Hori dela eta, teknikoak argi du ondo ari direla lanean: "Egin genuen lanarekin gustura gaude, eta badakigu hau dela bidea".

Horrenbestez, hurrengo jardunaldiari begira daude dagoeneko jubenilak. Peñaren hitzetan, "oso garrantzitsua" da hurrengo astean jokatuko duten partidua, zuzeneko aurkari baten kontra arituko baitira: Romo. Une honetan, hamabigarren postuan dago Lagun Onak, eta hamahirugarrengoan, berriz, Romo. Beraz, "oso garrantzitsua" da larunbatean hiru puntuak eskuratzea. Peñak dei egin die azpeitiarrei larunbatean, 16:30ean, Garmendipera joan daitezen, "guztien beharra" izango baitute.