Jaitsiera postuetatik at

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2014ko aza. 25a, 09:07
Jubenilen bankilloa. (Hemerotekako argazkia)

Erandio futbol taldeari irabazi ostean, jaitsiera postuetatik aldendu da Lagun Onak, eta hamaseigarren postuan kokatu da. Erregionalek ere irabazi egin dute, eta jubenilena izan da jardunaldiko porrota.

Beharrezkoa zuten garaipena, eta igandean iritsi zen, Bilbo Handian. Erandio talde bizkaitarraren aurka irabazi zuten partidua Espainiako Ligako Hirugarren Mailako mutilek, 1 eta 2. Lehen zatian, Pablo Turrillasen gizonak aurreratu ziren markagailuan. Ia hasterako, laugarren minuturako, Ibarluzeak lehen gola sartu zuen; eta atsedenaldira joan aurretik, berriz, 25. minutuan, bigarrena iritsi zen, jokalari beraren eskutik. Beraz, 0 eta 2arekin joan ziren atsedenaldira azpeitiarrak. Ondoren, bigarren zatian, etxekoen gola iritsi zen, baina bere horretan gelditu zen markagailua, amaiera bitartean.

Hori dela eta, Lagun Onak jaitsiera postuetatik irten da, eta hamaseigarren postuan dago, hamairu punturekin. Hurrengo astean Amurrioren aurka jokatuko dute etxean, eta beharrezkoa izango da garaipena, zulotik aldentzeko.

Bestalde, erregionalek ere lan ona egin zuten etxean, Zestoaren aurka. Bizilagunen arteko derbia izan zen, eta azpeitiarrek irabazi zuten. 2 eta 1 gailendu zen Lagun Onak, eta hamairugarren postuan kokatzea lortu du. Puntu kopuru berarekin, Ikasberri Kirol Elkarteak jarraitzen dio sailkapeneko taulan Lagun Onaki.

Jubenilak, asteburuko porrota

Espainiako Nazional Mailako jubenilek oso aurkari gogorra hartu zuten etxean, eta bazekiten ez zutela lan erraza izango. Xuban Peña entrenatzailearen mutilek 0 eta 4 galdu zuten Antiguoko B taldearen, sailkapeneko liderraren, aurka, Garmendipen. Lehen minutuan iritsi zen aurkarien lehen gola, joan den asteburuan bezalaxe, eta hortik aurrera zaila izan zen joko ona egitea jubenilentzat. Xuban Peña entrenatzaileak badaki azken aldian puntu aldetik "gaizki" dabiltzala, baina nabarmendu du egoerari buelta emango diotela, mutilak "oso ondo" ari direlako lanean.