Punturik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2014ko aza. 5a, 11:33
Nazional Mailako jubenilak, Lekeition.

Kirol elkarteko lehen hiru taldeek galdu egin dute asteburuan. Santutxuren aurka jokatu zuen Hirugarren Mailako taldeak, etxean; Erregionalek eta Nazional Mailako jubenilek, berriz, kanpoan jokatu zuten, Zumaiakoren eta Lekeitioren aurka.

Asteburu txarra izan da Lagun Onakeko lehen taldeentzat. Izan ere, ez dute punturik lortu azken jardunaldian. Garmendipen jokatu zuten Espainiako Ligako Hirugarren Mailako gizonek, Santutxuren aurka, eta 0 eta 1 galdu zuten norgehiagoka. Etxeko taldeak, oro har, nahiko partidu eskasa egin zuen, eta bizkaitarrek aukera hori probestu zuten. 76. Minutuan sartu zuen gola Santutxuk, eta Lagun Onakek ezin izan zion egoerari buelta eman. Datorren astekoari begira, Pasaiaren auka jokatuko du taldeak, kanpoan.

Nazional Mailako Jubenilek, berriz,  6 eta 1 galdu zuten Lekeitioren aurka. Lekeitioko jokalariek itxura ona eman zuten, eta hasieratik hasi ziren erasoan. Xuban Peñaren mutilek penaltia huts egin zuten, eta "kontraerasoan erabaki zuten partidua" etxekoek, entrenatzailearen esanetan. Ez zen partidu ona izan zapatukoa jubenilentzat, baina, halere, jokalariak animatzeari ekin zion Peñak: "Denon artean emango diogu buelta egoerari", adierazi zuen Twitter bidez teknikoak. Horretarako abagunea izango dute larunbatean, Danok Bat taldearen kontra. 

Erregionalentzat ere ez da punturik egon asteburuan, 2 eta 0 galdu baitzuten azpeitiarrek Zumaiakoren aurka. Datorren astean Lazkaoren kontra jokatuko dute, Garmendipen, eta aukera izango dute taldearen egoera aldatzeko.