Hirugarren Mailako taldeak puntu bat eskuratu du liderren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2014ko urr. 27a, 16:26
Partidako une bat.

Arenas talde getxoztarraren aurka jokatu zuen Lagun Onakek atzo, igandea, Garmendipen. Berdinketarekin amaitu zen partidua: 1 eta 1 egin zuten. Nazional Mailako jubenilek eta Erregionalek, berriz, galdu egin dute asteburuan.

Espainiako Ligako Hirugarren Mailako taldeak puntu bat eskuratu du asteburuan, Arenas taldearen aurka 1 eta 1 amaitu ostean. Garmendipen jokatu zuten partidua, atzo, igandean, Azpeitiko eta Getxoko taldeek. Lagun Onak oso indartsu irten zen lehen zatian, eta gogoz ekin zion partiduari. Hori dela eta, etxekoen lehen gola iritsi zen hamargarren minutuan, Aizpururen eskutik. Partidua gidatu zuten etxekoek, baina lehen zatia amaitzerako, 45. minutuan, Bizkaiko taldeak markagailua berdintzea lortu zuen.

Bigarren zatian, gogor irten ziren Arenas taldeko mutilak, eta joko bikaina egin zuten. Lagun Onaki kostatu egin zitzaion hasierako indarrari eustea, eta bizkaitarrak kontrolatu zuten baloia. Horrela amaitu zen partidua, 1 eta 1. Bestalde, nabarmendu behar da Arenas ligaxkako liderra dela: zortzi partidu irabazi ditu, eta bi berdindu. Beraz, lanean jarraitzeko ona da berdinketako puntua Lagun Onakentzat.

Jubenilak eta Erregionala, esku hutsik

Jubenilen taldeak galdu egin du asteburuan. Hiru partidu jarraian irabazi ostean, bazirudien laugarrena esku-eskura zutela Nazional Mailako Jubenilek, baina ihes egin zien garaipenak. 3-1 galdu zuten Real Unionen aurka. Lagun Onaken gola Aretagak sartu zuen, eta gol gehiago sartzeko aukera izan bazuten ere, ez zuten asmatu tamaina hartzen. Xuban Peña entrenatzaileak adierazi duenez, "defentsan" egin zuten akats handiena, eta ez zen beraien "partidu onena" izan, batik bat, bigarren zatian. Hala ere, lan bikaina egiten ari dira jubenilak; izan ere, zazpigarren postuan daude, 12 punturekin. Hori dela eta, kirol elkarteak lanean jarraitzera animatu nahi ditu mutilak.

Bestalde, Erregionalek Ilintxaren aurka jokatu zuten zapatuan. 3-2 galdu zuen Azpeitiko taldeak; eta, horrela, beste aste bat darama garaipen preziatua eskuratu gabe. Datorren astean ere kanpoan jokatzea suertatu zaie erregionalei, Lekeitioren aurka aukera berria izango dute lanak ondo egiteko.