Puntu batekin itzuli dira etxera

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2014ko urr. 20a, 18:01
Lagun Onakek zelairatutako hamaikakoa. (Portugalete Futbol Taldea)

Berdinketa lortu du Espainiako Ligako Hirugarren Mailako taldeak Bizkaian, Portugaleteren aurka. Nazional Mailako jubenilek, berriz, lan ona egin dute etxean, eta hiru puntuak eskuratu dituzte asteburuan.

Asteburu ona izan da hau Lagun Onak elkarteko taldeentzat. Espainiako Ligako Hirugarren Mailako gizonek 1 eta 1 berdindu zuten atzo, igandea, Portugalete taldearen aurka, La Florida zelaian. Tentsio handiko neurketa izan zen atzokoa, eta etxeko taldea aurreratu zen markagailuan, atsedenaldiaren ostean. Sergio Martin jokalariak sartu zuen lehen gola, baina Lagun Onakek berdinketa lortu zuen 76. minutuan, Joanes Otamendiren jokaldiarekin. Beraz, 1 eta 1 amaitu zen partidua. Horrez gain, aipatzekoa da Lagun Onak dela La Florida zelaian, denboraldi honetan, gola sartzea lortu duen talde bakarra.

Jubenilen garaipena

Jubenilek lan bikaina egin zuten larunbatean, azken aldian bezala. Taldea 2 eta 0 aurreratu zen markagailuan, Carrascoren eta Arantzetaren golekin. Hala ere, aurkariak ondo erantzun zuen, eta 2 eta 2 berdintzea lortu zuen Zaramagak. Xuban Peña entrenatzaileak adierazi duenez, amaiera arte ez zen ezer erabaki, eta "edozer gauza" gerat zitekeen.

Amaieran iritsi zen zalantzazko gola, baina epaileak Lagun Onaken alde egin zuen, eta etxean gelditu ziren hiru puntuak. Arteagak erabaki zuen, beraz, partiduaren amaiera, 89. minutuan. "Beste hiru puntu garrantzitsu, eta jarraian irabazten dugun hirugarren partidua", nabarmendu du Peñak.

Bestalde, Lagun Onakeko Erregionalek puntu bat lortu zuten etxean, Mondragon taldearen aurka. Horrenbestez, talde hau ere indartzen eta konfiantza hartzen ari da zelaiaren gainean.