Beharrezko puntuak eskuratu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2014ko urr. 13a, 10:15
Lagun Onaken eta Alavesen arteko norgehiagoka Garmendipen.

Espainiako Ligako Hirugarren Mailako gizonek 1 eta 0 irabazi diote Alaves B taldeari. Hil ala biziko hiru puntuak eskuratu dituzte etxean, eta lanean jarraituko dute, orain artean bezala.

Lehortearen ostean, iritsi zaio uzta jasotzeko garaia Lagun Onaken Espainiako Ligako Hirugarren Mailako taldeari. Izan ere, atzo, larunbata, 1 eta 0 irabazi zion Alaves B talde arabarrari, etxean. Garmendipen jokatutako partidua oso gogorra izan zen, batik bat, lehen zatian. Etxekoek asko sufritu zuten, baina berdinketari eusteko gai izan ziren.

Bigarren zatian, berriz, indartsu atera ziren zelaira azpeitiarrak. Joko ona egin zuten eta aukera politak sortu zituzten. Bide horri jarraiki iritsi zen gola, Alex Aizpuru Kaxerok sartua. Partidua amaitzeko hamar minuturen faltan aurreratu ziren Lagun Onakeko gizonak, eta horrela amaitu zen norgehiagoka: 1 eta 0.

Jubenilek ere irabazi

Athleticen aurka 0 eta 1 irabazi zuten atzo, larunbata, Nazional Mailako Jubenilek, Lezaman. Ustekabeko emaitza izan zen atzokoa Gipuzkoa osoarentzat, eta Lagun Onakeko taldeak, harro, hiru puntuak ekarri zituen etxera. Partidu serioa jokatu zuten Bizkaian, eta Xuban Peña entrenatzailearen arabera, defentzan "lan ona" egin zuten; erasoan, berriz, "asmatzea" lortu zuten. Beraz, "urrezko hiru puntu" eskuratu zituen taldeak kanpoan, entrenatzailearen hitzetan. 

Peñak nabarmendu du atzoko partidua ez zela nolanahikoa; izan ere, "selekzio baten aurka" jokatu zuten azpeitiarrek: "Jokalari oso onak zituzten, eta, agian, beraiek gidatu zuten partidua, baina guk gure lana egin genuen, gure aukerak sortu genituen, eta ondo irten zaigu". Gola Iñaki Bastida jokalariak sartu zuen, Andoni Peñagarikanoren paseari esker, 59. minutuan.

Entrenatzaileak jokalari guztien lana goraipatu du, eta adierazi du "motibazio igoera" honekin eta taldeak duen "lanerako gogoarekin", lanean serio jarraitu behar dutela, oraindik denboraldia hasi besterik ez baita egin.