Ilusio berarekin jarraituko dute

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2014ko urr. 2a, 10:00
Lagun Onaken lehen taldea.

Ez da asteburu ona izan Lagun Onakeko taldeentzat; ez, behintzat, emaitzei dagokienez. Hala ere, gauza bat argi dute jokalariek: ilusio berarekin jarraituko dute lanean, denboraldia luzea baita.

Espainiako Ligako Hirugarren Mailako taldeak etxean jokatu zuen, Garmendipen, Zamudioren aurka. 0 eta 1 galdu zuten azpeitiarrek, 91. minutuan jaso zuten gola dela-eta. Jokoari dagokionez, partidua ona izan zen, indar handikoa. Lehen 15 minutuetan, bizkaitarrak izan ziren baloiaren jaun eta jabe, baina Lagun Onakek segituan eman zion buelta horri. Lehen zatian, etxekoek baloia menderatu zuten, eta eroso sentitu ziren, aukera politak sortu baitzituzten. Bigarren zatian, berriz, erritmoa baxuagoa izan zen, baina bi taldeek mailari eutsi zioten. Ia azken unean iritsi zen Zamudioren gola.

Nazional Mailako Jubenilek kanpoan jokatu zuten, eta esku hutsik bueltatu ziren etxera, norgehiagoka 1 eta 0 amaitu ostean. Haiena ere partidu polita izan zen, baina golak falta izan zituzten gazteek. Bestalde, Durangok joko bikaina egin zuen, eta gola egiteko aukera asko sortu zituen. Hori dela eta, aipatzekoa da atezainaren papera, bere lekuan egon zen eta lan ona egin zuen taldearen alde.

Erregionalek, berriz, 0 eta 2 galdu zuten Mutrikun, hango taldearen aurka. Maila horretako taldea oraindik osatzen ari da; gainera, zenbait baja garrantzitsu ere baditu. Beraz, aurrera jarraitu eta hobetzeko ilusioarekin daude. Sentsazio onarekin jokatu zuten, eta aste honetan berriro saiatuko dira hiru puntuak eskuratzen.

Futbol eskolako gazteak, etorkizuna

Teknifikazio eskolako neska-mutilak martxan dira. Irailaren 21ean hasi ziren mutikoak, eta hilaren 28an, berriz, neskak. Gaztetxoen formazioa oso garrantzitsua da Lagun Onak Futbol Taldearentzat, beraz, haurrekin lanean jarraituko du klubak, beraiek direlako etorkizuna.