Berdinketa Zubietan

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2014ko ira. 25a, 11:07

Berioren aurka jokatu zuen Lagun Onakeko lehen taldeak, larunbatean, Zubietan. Derbi gipuzkoarra zen, eta bi taldeak gogotsu irten ziren zelaira. Hala ere, 0 eta 0 amaitu zen norgehiagoka, eta puntuak banatu behar izan zituzten hiriburuko eta Azpeitiko taldeek.

Lagun Onakek lehen zati ona egin zuen Zubietan, baina Berioko atezainak, Javier San Sebastianek, lan bikaina egin zuen, eta ez zien utzi golik sartzen Azpeitiko gizonei. Bigarren zatian, borroka gehiago egin zuten bi taldeek, baina ez zen golik iritsi. Lagun Onakek bi aukera polit izan zituen, baina, berriro ere, Berioko atezaina txukun aritu zen. Beraz, berdinketarekin itzuli ziren etxera, Donostiatik.

Datorren astean, Garmendipen jokatuko du Lagun Onakek, Zamudioren aurka. 17:30ean hasiko da proba, eta sari bikainak zozkatuko dira atsedenaldian. Batetik, Eibar-Levante partidua ikusteko bi sarrera; eta, bestetik, bi txuleta eta bi botila ardo.

Jubenilek eta Erregionalek, punturik ez

Jubenilek eta Erregionalek ere jokatu dute asteburuan, baina haiek ez dute lortu punturik gehitzea. Jubenilek etxean jokatu zuten, Getxoren aurka, eta 0 eta 2 nagusitu ziren Bizkaiakoak. Bestalde, erregionalek ere Garmendipen egin zuten lana, eta Urolaren aurka, 0 eta 3 galdu zuten.

Datorren astean, kanpoan jokatzea tokatzen zaie bi taldeei. Nazional Mailako Jubenilak Durangoko Tabira zelaian jokatuko dute, larunbatean, 17:00etan. Erregionalak, berriz, Mutrikura joango dira, puntu bila.

Martxan dira beste taldeak

Hirugarren Mailakoez, erregionalez eta jubenilez gain, beste talde batzuk hasiko dira jokatzen asteburuan. Honakoak dira:

Etxean:

Ohorezko Kadete mutilak: Lagun Onak -  Zarautz. Igandean, 16:00etan.

Kanpoan:

Ohorezko Kadete neskak: Lazkao - Lagun Onak. Larunbatean, 12:00etan.

Kadete mutilak: Ikasberri - Lagun Onak. Igandean, 16:00etan.

Hemen Berio eta Lagun Onaken arteko norgehiagokako argazki batzuk, Berio Futbol Taldeak ateratakoak: