Joko ona, baina punturik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2014ko ira. 15a, 09:54

Lagun Onakeko Hirugarren Mailako mutilek eta Nazional Mailako jubenilek atzo jokatu zituzten zegozkien norgehiagokak. Bi taldeek galdu zuten, baina joko ona eginda.

Denboraldiko laugarren patidua jokatu zuten atzo Hirugarren Mailako mutilek; eta bigarrena, berriz, Nazional Mailako Jubenilek. Bi taldeek galdu egin zuten: lehen taldeak 1 eta 2 amaitu zuen partidua, Beasainen aurka. Jubenilek Bizkaian jokatu zuten, eta 0 eta 1 galdu zuten, Santutxu taldearen kontra.

Partidu gogorrak izan ziren biak, eta taldeek txukun egin zuten lana. Hala ere, zenbait hutsegitek erabaki zituen partiduak. Hirugarren Mailako mutilak 1 eta 0 aurreratu ziren markagailuan, 30. minutuan Zabalak sartu zuen golarekin. Jarraian, ordea, Beasainen bi golak etorri ziren. Juan Luis Urbieta taldeko ordezkariak azaldu duenez, atzelarien akats batzuek erabaki zuten partidua. Beasaingo Artola eta Imaz izan ziren hurrengo golegileak, eta lehen zatia amaitzerako, 1 eta 2 aurreratu zen Beasain. Urbietak azaldu duenez, bigarren zatian Lagun Onakek aukera onak izan zituen, baina Beasain baloiaren jabe egin zen. Beraz, etxeko taldeak partidua galdu zuen, eta lau punturekin geldituko da, oraingoz. Bestalde, Beasainek, bi partidu irabazita eta bi berdinduta, zortzi puntu ditu eskuartean, eta sailkapenaren goiko postuetan kokatu da.

Jubenilak, lan txukuna eginda

Jubenilen norgehiagokak ere bere gorabeherak izan zituen, baina Xuban Peña entrenatzailearen mutilek lan ona egin zuten Santutxuren aurka. Maila ona eman zuten partiduan zehar, baina bigarren zatian bizkaitarren gola iritsi zen. Azpeitiko taldeak ezin izan zion golari erantzun, eta 1 eta 0ean amaitu zen partidua.

Peñak adierazi du jubenilek "oso partidu ona" jokatu zutela: "Aukera asko izan genituen gola sartzeko, batik bat, lehen zatian. Bigarren zatian, borroka gehiago egin genuen, eta horrelaxe iritsi zen gola, korner bateko aldaratzean". Entrenatzaileak azaldu du Santutxu "talde ona" dela, eta ziur dagoela haiek goiko postuetan ibiliko direla. Egindako lanarekin gustura, entrenatzen eta hobetzen jarraitzeko ilusioarekin daude jubenilak.

Asteburu zailari argi apur bat emateko, Erregional Mailako jokalariek berdinketa eskuratu zuten Debako Hamaika Bat taldearen aurkako lagunartekoan. Haiek 1 eta 1 amaitu zuten norgehiagoka Deban, Haritz Alberdi jokalariaren golarekin. Partidu polita izan zen erregionalena, eta maila ona erakutsi zuten zelaian. Izan ere, baja asko zituen taldeak, baina lortu zuen aurrera egitea.