Pablo Turrillas: "Helburua egunez egun eta partiduz partidu jarri behar da"

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2014ko uzt. 29a, 14:58

Denboraldi-aurrea hasita, abuztuaren 6an jokatuko dute Lagun Onak Futbol Taldeko mutilek lehen lagun-arteko partidua. Pablo Turrillas entrenatzailea "oso gustura" dago taldearen erritmoarekin.

Lagun Onakeko lehen taldeko jokalariak uztailaren 15ean hasi ziren denboraldi-aurrearekin. Jada lehen pausoak emanda, abuztuaren 6an jokatuko dute lehen lagun-arteko partidua, etxean, Pasajes taldearen aurka. Norgehiagoka horretaz gain, beste lau partidu jokatuko dituzte: hiru etxean, eta bat kanpoan, Ondarroan. Hori dela eta, azken egunotan, gogor entrenatzen ari dira jokalariak.

Aurtengo taldeak berri usaina dauka. Izan ere, jokalari gazteak ez ezik, entrenatzailea ere iritsi berria da klubera. Pablo Turrillas debarra "oso gustura" dago taldea egiten ari den lanarekin: "Jokalarien jarrera oso ona da, eta bikain konpontzen gara gure artean". Entrenatzaileak azaldu duenez, "zenbait zalantza" zituen mutilen sasoia dela-eta, baina bi aste hauetan ikusi du "egoera onean" iritsi direla denboraldi-aurrera, eta alde horretatik "lasai" dago Turrillas.

Denboraldi-aurreak berebiziko garrantzia du Debako entrenatzailearentzat: "Elkar ezagutzeko eta erritmo egokia hartzeko beharrezkoa da denboraldia baino lehen ondo entrenatzea, eta horretan ari gara". Aurten, gainera, "nahasteak" daude taldean, entrenatzailearen arabera. "Beteranoak, gazteak, herrikoak, kanpokoak... denetik dago taldean. Ni ere berria naiz, eta hasierako entrenamendu hauek konfiantza hartzeko baliagarriak izango dira", adierazi du.

Beraz, Pasajesen, Aurrera Ondarroaren, Real Unionen, Hernaniren eta Zarautzen aurka arituko dira azpeitiarrak, abuztuan. Hala ere, partidu horiek ez dute bereziki kezkatzen Turrillas. "Lagun arteko partiduak entrenamenduak dira; niretzat, emaitza ez da garrantzitsua. Uste dut erritmo egokia hartzeko pausoak direla", nabarmendu du.

Entrenatzaileak, ordea, gogoan du uneoro denboraldia. Prestaketak besterik ez dira lagun-arteko partiduak, baina taldeari "falta zaion erritmoa" hartzen lagunduko diote. Bestalde, denboraldi ofizialari begira, Turrillasek ez du nahi "helburu finkoa" jartzea taldeari: "Nire iritziz, helburua egunez egun eta partiduz partidu jarri behar da. Futbolean zaila da eginkizun zehatza finkatzea; eta, gainera, ez da ona", esan du. Hala ere, aitortu du lehendabizi "mailari eustea" izango dela Lagun Onaken xedea. Gero, gerokoak.

Hona, denboraldi-aurreko partiduak, eta haien datak:

Abuztuaren 6an, 18:00etan, Garmendipen: Lagun Onak - Pasajes.

Abuztuaren 9an, 11:00etan, Ondarroan: Aurrera Ondarroa - Lagun Onak.

Abuztuaren 13an, 19:00etan, Garmendipen: Lagun Onak - Real Union.

Abuztuaren 16an, 11:00etan, Garmendipen: Lagun Onak - Hernani.

Abuztuaren 19an, 19:00etan, Garmendipen: Lagun Onak - Zarautz.