Ignacio Otaño: "Hobetzea nahi dut, eta jokatzen ditudan partidetan lan txukuna egitea"

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2014ko uzt. 13a, 13:39
Otaño, Garmendipeko zelaian.

Etorkizun oparoa du aurretik Ignacio Otañok (Azpeitia, 1995). 18 urte soilik ditu, eta hiru urte Realean egin ostean, Lagun Onaken lehen taldean jokatuko du abuztutik aurrera. Etxeko atea zainduko du Otañok 2014-2015 denboraldian.

Noiz hasi zinen futbolean jokatzen?

Txikitatik jokatzen dut. 8 urterekin eskolan hasi nintzen, eta 11 edo 12 urterekin, alebinetan, eman nuen izena Lagun Onak Futbol Taldean. Lau denboraldi egin nituen Azpeitian, eta Realera joan nintzen gero. Hiru urterako joan nintzen hara.

Beraz, 8 urtetatik duzu futbola afizio. Zergatik hautatu zenuen kirol hori?

Txiki-txikitatik ikusi eta bizi izan dudan kirola da futbola. Asko gustatu izan zait beti, izugarri. Beste kirol batzuk ere bagenituen aukeratzeko, baina nik barruan sentitzen nuen futbola, ez nuen inolako zalantzarik izan. Ikusteko eta jokatzeko, bietarako gustatzen zait kirol hau niri.

Atezaina zara. Betidanik jokatu duzu postu horretan?

Eskola-kiroletan ibiltzen ginenean, aurrelari gisa jokatzen nuen. Hala ere, haurra nintzenetik nahi nuen nik atezaina izatea. Lagun Onak Futbol Taldean izan nuen atezain postua probatzeko aukera, alebinetan, eta ordudanik hori da nire lekua. Azkenean, gustuko dudana egiten amaitu dut.

Atezainak ardura berezia du taldean?

Ez nuke esango ardura berezia duenik, baina atezainak badaki akatsen bat eginez gero, erabakigarria izan daitekeela partidurako. Ardura, ordea, jokalari guztiena izan ohi da, eta futbolean jokatzen dutenek badakite hori. Hala ere, presio horrekin bizi gara atezainak, eta ohitu egiten gara: badakigu zer egin behar dugun eta noiz ari garen gaizki. Bestalde, esan behar da taldekideek beti laguntzen diotela atezainari; niri, behintzat, ez zait inoiz suertatu akatsen bat egin, eta gainontzekoek errua niri leporatzea. Badakite atezaina nahiko minduta egoten dela, gainera, beraiek kontuak eskatzen hasteko.

Gustura zaude Lagun Onakera itzultzearekin?

Esan zidatenean ez nuela Realean jarraituko, izan nuen beste talde batzuetara joateko aukera. Hala ere, ez nuen zalantza handirik izan: Lagun Onak etxeko taldea da, eta oraindik 18 urte ditudanez, uste dut aukera ona dela niretzat hona etortzea. Oso gustura nago.

Taldea ezagutzen duzu?

Jokalari batzuk ezagutzen ditut, haiekin jokatu izan dudalako. Beste batzuk, zaharragoak, ez ditut asko ezagutzen, baina ez naiz ezezagun bat: hemen denok dugu elkarren berri. Entrenatzailearekin, berriz, ez naiz egon oraindik. Pare bat aldiz hitz egin dugu, baina telefonoz soilik komunikatu gara.

Denboraldiaurrea hasteko gogoz zaude?

Jakina. Ekainean, badirudi futbolaz nekatuta amaitzen duzula, baina pare bat aste jokatu gabe pasatzea nahikoa da futbolaren falta sumatzeko. Ni deseatzen nago berriro entrenatzen hasteko.

Zer helburu jarri diozu zure buruari datorren denboraldiari begira?

Nire helburu nagusia partiduak jokatzea eta, atezain bezala, ikastea da. Batez ere, hobetzea nahi dut, eta jokatzen ditudan partiduetan lan txukuna egitea, niretzat eta taldearentzat.