Martxan da serigrafia tailerra

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2017ko mar. 2a, 16:31

Atzo hasi zen martxoko asteazken eta larunbatetan egingo den serigrafia tailerra. 13 lagunek eman dute izena eta Alaitz Alberdik eta Mikel Alberdik zuzenduko dute. Azpeitiko Kultur Mahaiak antolatu du, lehengo udazkenean martxan jarritako Dinamoa sormen gunearen proiektuaren baitan.

 

Euren ogibidea den serigrafia teknikaren nondik norako nagusiak aurkeztu zituzten Alaitz Alberdik eta Mikel Alberdik tailerraren lehenengo saioan, horretarako erabiltzen den materiala eta beraiek egindako zenbait lan erakutsiz. Parte hartzaileen ezagutzak eta interesak elkarbanatzeko tartetxoa ere izan zen, baita datozen saioetarako asmoak azaltzeko ere. ‘Sortzeko’ eta ‘zikintzeko’ gogotsu azaldu dira parte hartzaileak.

Serigrafia tailerraren lehenengo saioa Dinamoan egin bazen ere, datozenak Naiart serigrafia dendan egingo dira, bertako baliabideak aprobetxatuz. Bigarren saioa larunbat honetan izango da, martxoak 4, 9:00etatik 13:00etara. Asteazkenetako saioak, berriz, 18:00etatik 20:00etara izango dira.