Sanagustin kulturgunearen bosgarren urteurrena ospatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2016ko uzt. 22a, 13:26

Gaur bete ditu Sanagustin kulturgune osatuak bost urte. Atzo egin zuten ospakizun ekitaldia kulturgunean bertan, orain arteko ibilbidea gogoratuz eta aurrera begirako erronkak azpimarratuz. 5 urte betetzearekin batera Sanagustin Kooperatiba izateari utzi eta Kulturaz Kooperatiba izatera pasa da. 

Bost urte bete ditu gaur, uztailak 22, Sanagustin kulturguneak. Azpeitiko Kultur Mahaiko Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkarteak kudeatu du urteotan eraikina. Atzo egin zuten hitzartzeek, bideoak eta mokadutxoak osatutako ospakizun ekitaldia bertako kideek.

19:00etan eman zion hasiera Jose Luis Otamendi kooperatibako artezkaritza kontseiluko lehendakariak ospakizunari. Bost urte hauetako ibilbidearen azalpen xehea egin zuen, Kultur Mahaiaren izaera eta jarduera azpimarratuz. Ibilbide horretan, elkarlana eta kooperatibak duen auto-finantzaketa maila altua ezinbestekoak izan direla gogorarazi zuen, baita Udalarekin izandako lankidetza ere. Pasa den ikasturteko bizpahiru kontu ere ekarri zituen gogora Otamendik, hala nola, Azpeitiko Kulturaren Argazkia eta Kultumetria azterketak, eta kooperatibizazio prozesua. Erronka moduan, berriz, euskara, euskaratik eta euskaraz sortutako kultura bizia sortzen jarraitzea dela azpimarratu zuen.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak hartu zuen hitza gero. Sanagustin eraikina baino, honen arima eta izaera nabarmendu zituen. Etxeberriak azaldu zuenez, elkarlana izan da honen barnean jaio eta hazitako proiektuaren oinarria. Kultura herri honen etorkizunerako hauspoa dela, eta aurrera begira ere, kulturan inbertitzea garrantzitsua izango dela azaldu zuen. Honen ostean, bost urteotako ibilbidea eta ekitaldiak biltzen dituen argazkiekin osatutako bideo bat eskaini zuten, Mikel Laboaren abestiak lagunduta. Hamaika ekitaldi, eraikin eta aurpegi izan ziren ikusgai, Soreasuko eraikin zaharretik eta Kultur Mahaiaren hastapenetako bileretatik hasi, eta gaur egungo ikuskizunetaraino.

Azkenik, Kepa Urbieta kooperatibako komunikazio arduradunak kulturaz.eus webgune berria aurkeztu zuen. Izan ere, kooperatibaren izen aldaketarekin batera, honen irudia berritzeko apustua ere egin da, tartean, Sanagustin eta Soreasuko agenda eta baliabideak biltzen dituen webgune berria sortuz eta kulturguneko sarrerako pantailaren edukia berrituz. Datorren ikasturterako agendaren aurrerapentxoa ere egin zuen Urbietak.

Bukatzeko, familia argazkia atera zuten bost urteotan bidelagun izan diren eta ekitaldira joan ziren lagunek, mokadutxoak lagunduta.