Sormen gunearen proiektua aurkeztuko du Kultur Mahaiak datorren asteazkenean

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2016ko uzt. 7a, 20:20

Soreasuko sormen gunearen proiektuaren oinarriak aurkeztuko ditu Azpeitiko Kultur Mahaiak datorren asteazkenean, uztailak 13, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean egingo den batzar irekian.

Ikasturte honen hasieran ekin zioten Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Udalak herrian sormen gune bat abian jartzeko proiektua marrazteari. Herriko talde eta norbanakoen ekarpenetan oinarritutako partehartze prozesu bat izan da horretarako tresna.

Iazko udazkenean eginiko Kultur Mahaiko taldeen batzarrean jaso ziren sormen guneari buruzko lehenengo ekarpenak. Ordutik hona, herritarren proposamen eta ekarpenak jasotzen aritu dira Kultur Mahaia eta Udala, bilera, galdetegi, elkarrizketa, batzar eta abarren bitartez. Besteak beste, honakoak aipa ditzakegu: maiatzean sormen gunean aurreikusitako eremuak lantzeko egindako batzar irekia, eta ekainean egindako Soreasuko ate irekien jardunaldia, herritarrei eraikinaren egungo egoera ikusteko aukera zabalduz.

Uztailaren 13koa izango da Soreasuko sormen gunearen proiektuari loturiko hurrengo deialdi irekia. Bertan, proiektuaren oinarriak aurkeztuko dira, hilabeteotan jasotako ekarpenetatik abiatuta. Hala ere, asteazkenekoa ez da sormen gunearen proiektuaren amaiera izango, datorren ikasturtean landu beharreko hamaika kontu izango baitira oraindik. Beraz, prozesuaren beste fase bat irekiko da datorren udazkenean, sormen gunearen zehaztapenak jorratuz eta honen baitako egitarauari ekinez. Hemen ere, nola ez, ezinbestekoa izango da jendeak ekarpenak egitea, eta horretarako gonbidapena luzatu diete herritarrei Kultur Mahaiak eta Udalak.