Ikasturteko azken mutxikoak egingo dira igandean

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2016ko eka. 10a, 13:53

Igandean, ekainak 12, ikasturte honetako azken dantza jauziak egingo ditugu, 12:00etan Artzubiko jolas-parkeko plazatxoan.

Iazko urriaren 11n ekin genien 2016ko dantza jauziei, Azpeitiko plazan. Ordutik hona, hilero egin ditugu iparraldean tradizio handia duten dantza horiek. Hileko bigarren igandeetan hamarnaka lagun bildu izan gara, plazan bertan, eguraldi lagun izan denean, edo bestela, Sanagustin kulturgunean. Ekainekoa izango da ikasturte honetako bederatzigarren eta azken saioa, eta eguraldia lagun, Artzubiko jolas-parkeko plazatxoan egingo ditugu.

Dantza egiteko, ikusteko, ikasteko, kalea animatzeko... helburuarekin, hirugarren ikasturtez jarraian antolatu ditugu dantza jauziak Azpeitiko Kultur Mahaiak, Sanagustin kulturguneak, Itsasi Euskal Kultur Taldeak, Sahatsa Dantza Taldeak eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriko dantza taldeak. Bidelagun izan ditugun Orkatz Kultur Elkartea eta Azpeitiko Udala ere, eta beraien laguntza eskertu nahi dugu antolatzaileok, musika ekipoa gure esku jartzearren. Baita, nola ez, Jexux Artolaren lana ere, bilduma ederra osatu baitu mutxikoetako argazkiekin.

Udara gain-gainean dugun honetan, ikasturtea agurtzeko aukera polita izango dugu, beraz, igande eguerdian. Animatu!