1766ko matxinadari buruzko bigarren hitzaldia izango da bihar

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2016ko eka. 7a, 14:04

David Zapirainek eskainiko du hitzaldia bihar, asteazkena, ekainak 8, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. 1766ko matxinadaren osteko kontrol soziala izango du mintzagai.

David Zapirain Karrikak (Trintxerpe, 1968) eskainiko du 1766ko matxinadari buruzko hitzaldi zikloko bosgarren saioa. Historian doktorea eta Ereiten kultur zerbitzuak enpresaren sortzaileetarikoa da Zapirain. Biharko hitzaldiaz zertxobait aurreratu dio Kultur Mahaiari, jarraian irakur dezakezuen moduan.

1766ko matxinada estu hartzeko bide gogor horrek iraun ote zuen, eta jende xumearen aldarrikapenak jazartzeko bide hori berria zen ala ez azalduko duela adierazi du Zapirainek. Gizarte kontrola gorpuzten duten erakundeak ez direla behin betikoak, hauek ere prozesu edo garapen historikoa izan dutela, eta historikoak direla dio. “Mekanismo horietako batzuk identifikatuko ditugu, kontrolerako oso gertu eta barneratuak ditugun erakundeak horren zahar ez direla ikustea harrigarria suertatuko zaigulakoan”, azaldu du.

Azpeitiko Kultur Mahaiak, Azpeitiko Udalak eta Maxixatzen Euskara Elkarteak elkarlanean antolatu dute 1766ko matxinadari buruzko hitzaldi zikloa. Hiru saio izan dira Azkoitian, Iñigo Aranbarriren, Juan Madariagaren eta Oihane Oliveriren eskutik, hurrenez hurren. Azpeitian, berriz, bat, Joseba Zuazok eskainia, eta biharkoa izango da bigarrena. Honen ostean, datorren asteazkenean, ekainak 15, izango da seigarren eta azken hitzaldia, hau ere Azpeitian. Iñigo Aranbarri izango da hizlari, ‘1766ko matxinada, kultura eta umorea’ gaitzat hartuta, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean.