Jon Gurrutxaga: "Nire burua zukutzen saiatuko naiz, dauzkadan aukeretan sinetsita".

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2016ko mar. 3a, 10:05

Bihar, ostirala, VIII. Erniarraitz sariketako finala jokatuko da, 22:00etan, gaztetxean. Jon Gurrutxaga azpeitiarra izango da oholtzan, Iguaran, Urteaga, Iturriotz, Mendizabal eta Salegi bertsolariekin batera. Finalaren atarian, Gurrutxaga elkarrizketatu dugu.

Erniarraizko kidea da Jon Gurrutxaga (Azpeitia, 1996). Bera izan da bertsoeskola honek bi urtean behin antolatzen duen bertsolari gazteen sariketako finalera iritsi den azpeitiar bakarra. Lehenengo kanporaketan abestu zuen Gurrutxagak eta saioan nagusitu ostean, zuzenean sailkatu zen ostiralean jokatuko den finalera.

Zein asmorekin aurkeztu zinen Erniarraitz Sariketara?

Bertsotan egiteko ematen dizkiguten aukera apurrak aprobetxatzeko asmoz aurkeztu nintzen. Neuretik eman nahi nuen eta gustuko dut pentsatzen ditudanak bertsotan esatea, era ederra iruditzen zait jendearengan eragiteko.

Lehenengo kanporaketa irabazita sailkatu zara finalera. Nola sentitu zara oholtza gainean?

Eroso egon nintzen, seguru hasi nuen saioa eta horrek konfidantza ematen dizu saio osorako. Gertuko lagunekin ibili nintzen bertsotan eta antzeman egiten da hori. Bertso bakoitzari ertzen bat bilatzen saiatu nintzen eta kontzentraziorik ez nuen galdu, eskapadaren bat izan banuen ere.

Nola bizi izan dituzu beste kanporaketak?

Bertso eskolako kide naizen aldetik prestaketetan esku bat botatzea egokitu zait. Lagunek kantatzen zuten beste bi kanporaketetan ere eta tentsio puntu batekin bizi izan ditut. Orokorrean, gozatzeko moduko saioak iruditu zaizkit.

Bigarren aldiz aurkeztu zara Erniarraitz sariketara. Zer aldatu da aurrekotik?

Pertsonalki, duela bi urtekoa nire lehenengo sariketa izan zen eta nabari zitzaidan. Beste azal bat zeukaten bertsokideek nire aldean. Orain seguruago sentitzen naiz bertsotan eta egin nahi dudanaz jabetuago nagoela uste dut.

Zein garrantzi daukate honelako sariketek bertsolari gazteentzat?

Bertsotan egin nahi duenarentzat aukera bikainak dira sariketak bere burua ezagutarazteko eta bere ibilbidean jarraitzeko. Zorte dunak gara aukera izan dugunok, denek ez baitaukate sariketetan kantatzeko aukerarik.

Zein erronka jartzen diozu zeure buruari finalean?

Nire buruarekin gustura geratu nahi nuke, esaten dudana arrazoituz eta ahal bada gaztetxera datorrenari zerbait positiboa transmitituz. Jendeak oso ondo egiten du bertsotan baina nire burua zukutzen saiatuko naiz, dauzkadan aukeretan sinetsita.