Proiektuaren izaerari eutsiz, urte emankorra izan da 2015a

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2016ko urt. 29a, 13:39

Azpeitiko Kultur Mahaiko bazkideen urteko ohiko batzarra egin genuen atzo, osteguna, urtarrilak 28. Besteak beste, 2015eko jardueraren berri eman genuen, Kultur Mahaiak eta bere Sanagustin Kooperatibak urtean zehar egindakoa gogoratuz. Hemen duzue laburpena.

2015ean 149 ekitaldi burutu ditugu, 2014an baino %7 gutxiago. Ikus-entzule kopurua, berriz, %15 igo da, 31.000tik gora izatera iritsiz. Halaber, urte honetako kultur jardueraren aurrekontua 247.000 €koa izan da. 149 ekitaldi horietatik %77 doan izan dira, eta %23 sarrerarekin.

 

Azpeitiko Kultur Mahaiaren proiektuen oinarriei jarraiki, ekitaldien erdia baino gehiago herritarrek eskainiak izan dira 2015ean, %53 hain justu, %42 Euskal Herriko sortzaileek, eta %5 kanpokoek. Hizkuntzari dagokionez ere, %94,6 euskarazko ekitaldiak izan dira, beste urteetako joerari eutsiz. Dizpilinen arteko oreka da proiektuaren oinarrietako bat, eta 2015ean ere honen aldeko apustu egin dugu.

 

Elkarlana eta partehartzea ardatz duen proiektua da gurea, eta horren isla dugu, nola ez, egutegi bateratua. Elkarlana eta partehartzea ardatz, baita antolaketan ere, izan ere, %80 ekitalditik gora kultur taldeekin, bestelako eragileekin, Udalarekin eta norbanakoekin elkarlanean burutu dira. Esaterako, herriko haur eta gaztetxoei zuzendutako Txiki Biran egitasmoa, hileko bigarren igandeetan herriko dantza taldeekin egin ditugun dantza jauzi saioak, 2013-2015 artean herriko komunikabideekin batera eginiko Aho Bizarrik Gabe hitzaldi zikloa, eskualdeko eta herriko antzerkigintza hauspotzeko eginiko Oholtzaberri egitasmoa eta beste hamaika halako.

Aipatzekoa da lehenengo urtea bete dugula Soreasu antzokia kudeatzen ere. Hemen, 2015ean egindako 149 ekitaldi horietatik 35 egin dira, hau da, %23,5 (zinetik aparte). Horiez gain, zinema eskaintzari erreparatuta, goranzko joera duela esan dezakegu, azken sei hilabeteetan nagusiki. Hemen, besteak beste, Paradisu zinema zineklub berriaren sorrera eta bestelako eskaintza aipatu behar dira, baita, bestetik, Udalak ekipamenduan egindako inbertsioak ere. 2015a urte emankorra izan dela esan dezakegu beraz.

2016ari ere ilusioz ekin diogu, eta aurtengo egutegian izango ditugun hainbat ekitaldi aurreratu dizkizuegu dagoeneko. Honi lotuta, gogorarazi, aurreko urteetan bezala aurten ere kultur bonoa martxan jarri dugula Udalaren laguntzarekin, eta eskuragarri duzuela Sanagustin kulturgunean.

Amaitzeko, irakurketa baikorra eginagatik, hobetzeko gauzak baditugula jakinik, zuen proposamen, kritika, kezka eta abarrak bidaltzeko aukera luzatu nahi dizuegu. Horretarako, azpeitikokulturmahaia@gmail.com helbidera idatz dezakezue lasai asko, eta gustura jasoko ditigu zuen ekarpenak!