Mirari Bereziartua: "Suak zaharra erre eta biziberritze bidea zabaltzen du, falta direnak gogoratuz"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2015ko abe. 15a, 19:23

Olentzero eta Mari Domingi, zer dela eta? hitzaldia eskainiko du Mirari Bereziartuak ostegun honetan, abenduak 17, 21:00etan, Baigerako aretoan. Olentzerori, euskal festei, transmisioari... buruz galdetu diogu Nabarralde fundazioko Azpeitiarron Napar Zuzterrak taldeko kideari.

Zein dira urte amaierako festaren oinarriak?

Batetik, zoriontasuna: geure buruari biziberritzeko aukera emanez, solidaritatean oinarrituz eta festa bidez. Bestetik, falta direnak gogoan izatea: hil direnak, gaixorik daudenak, preso daudenak, bakarrik daudenak, egoera zailean bizi direnak...

Euskal tradizioak suarekin lotura zuzena du. Zein da Olentzerok daukana?

Aurreko guztia sua eta uraren sinbologiarekin lotuta izan da mendeetan. Olentzerok ere hori guztia biltzen du, suagatik lotzen da ikazkin pertsonaiarekin. Mari Domingi bere pareko pertsonaia da, emozio munduarekin lotzen laguntzen du, bi pertsonaien jarrera aberastuz, parekotasunetik: bizitza aurrera eramateko erabakimena eskutik, gertutasuna, xamurtasuna, maitasuna, eskuzabaltasuna, alaitasuna, aukera berrietarako indarra... Suak zaharra erre eta biziberritze bidea zabaltzen du, eta falta direnak gogoratzeko erabiltzen da. Umeentzako, berriz, festarako magia irudikatzen du.

Olentzero pertsonaia zarpail modura ezagutu izan dugu sarri, baina nolakoa da berez?

Edozein itxurak ez du balio eta ez da tradizioa, hori utzikeria da. Adibidez, Olentzero ikazkin zikina, beltza... dela esan izan da suarekin lotzerakoan, ikazkinak lan ondoren festarako garbitu eta dotoretuko ez balira bezala. Mozkorra, berriz, garai bateko bertso desegokiak izugarri zabaldu direlako. Suaren sinboloa desegoki erabili izan da, gaizki kontatzeagatik. Etxe barruko festa da nagusiki Olentzerorena. Hortik dator tximinitik sartzea, beheko suarekin lotzen delako. "Udan plazan eta neguan plantxan" dio esaerak. Sutondoan etxekoak biltzea tradizioa delako, falta direnak gogoratuz, baita euren izenak ipinita txotxak sutara botatzea ere.

Nolakoa izan da euskal festen transmisioa?

Gure kultura guztia, geuretik transmititzea, oso kontrolatuta dugu Estatuen eskutik mende askotan. Orain ere bai. Horregatik, ezjakintasunak askotan eramaten gaitu oso modu desegokiak erabiltzera. Bestalde, denbora luzez zerbait errepikatzea ez da tradizio bihurtzen, ohitura txar bat besterik ez agian. Tradizioa zentzuarekin lotzen den zerbait da, gainerakoa aldakorra izaten da gizarte bakoitzaren arabera, betiere duintasunez egina.

Euskal festak santuen izenekin ezagutzen ditugu gaur egun. Zergatik?

Gure herriaren hari luze-luze horren ildotik, azken aldiko hamarkadetan bereziki, ezinbestekoa zen bidetik ibili behar izan zen halabeharrez, kristautasunarekiko lotura ez baitzen aukerakoa. Beraz, espainiar estatuan, biztanle guztiek horretan oinarrituta egiten zuten egunerokotasuna. Horregatik, hasierako mendeetan moduak oso desberdinak izanik ere, kristautasunak estali zuen guztia, festak barne. Ikutu horrekin egin dira eta egiten dira oraindik hainbat lekutan. Berez, erlijioa aukera pertsonala izan arren, hainbat indar politikok beraien boterea indartzeko erabiltzen dute munduan zehar, eta ez kristautasunak bakarrik.

Zein da euskal festen tradizioari eusteko bidea?

Zertarako egiten ditugun jabetzea, hau da, zer zentzu daukaten transmititzearen erantzukizuna. Elkarrekintzan egitearen konpromisoari heldu behar zaio, egiten duguna eta egiteko moduak egoki gauzatzeko erak sortuz. Euskal Herriko Ikastolen Elkartea aspalditik arduratzen da horretaz modu eraginkorrean, eta gure herrian, bereziki bultzatzen du Azpeitiko Ikastola Ikasberrik azken 20 urteotan, bai barnean eta bai herrian eraginez ere.

Zer aurreratu dezakezu osteguneko hitzaldiaz?

Edozein gairen inguruan bezalaxe, hiru galderari erantzunak topatzean zentratuko naiz neguko festen tradizioaz aritzerakoan: "zertarako?", "zer egin?" eta "nola egin?". Mende luzeetan, euskal herritarrak erantzun desberdinak ematen joan dira, eta hari horri tiraka josiko dugu hitzaldia, atzo, gaur eta bihar, euskalduntasunaren mataza berdinetik, gaurkotasunez josiz.