Elexpuru: "Euskara idatziz erabiltzeko saiakera bat egon zela frogatuko luke; beranduko euskalduntzearen teoria betiko ezabatuko luke"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2015ko urr. 29a, 10:00

Gaur, osteguna, urriak 29, hitzaldia eskainiko du Juan Martin Elexpuru SOS Iruña-Veleia plataformako kideak. 19:30ean Baigera ateroan izango da, 'Zer gertatzen da Iruña-Veleiarekin?' izenburupean. Nabarralde fundazioko Azpeitiarron Napar Zuzterrak taldeak antolatutako hitzaldi zikloko azken saioa da honakoa, Rekaldek eta Martinezek eskainitakoen ondotik.

Azaldu iezaguzu Iruña-Veleiako aurkikuntzaren historia.

2005 eta 2006 urteetan, Eliseo Gil arkeologoak zuzendutako taldeak 400 pieza baino gehiago aurkitu zituen inskripzioekin Iruña-Veleiako aztarnategian. Latinezko eta euskarazko testuak, sinbologia eta ikonografia kristaua eta eguneroko bizitzako irudiak agertzen zituzten. K. O. II. eta V. mendeen artean datatu ziren estratigrafiaren bidez. Piezak aztertzeko, Arabako Foru Aldundiak aditu talde bat eratu zuen, Batzorde Zientifiko Aholkularia deitua. 2008ko azaroaren 19an AFAk faltsutzat jo zituen piezak, Batzordekide batzuen iritzian oinarrituta, eta egun berean kalera bota zuen arkeologo taldea.

Zein egoeratan dago egun auzia?

Auzi juridikoari dagokionez, Foru Aldundiak kereila jarri zuen Eliseo Gilen aurka, ustezko faltsutzailetzat hartuta. Zazpi urte igaro dira eta oraindik instrukzio fasean dago. Ez dakigu epaiketa egingo den ala kasua artxibatu egingo duten. Pentsa, zazpi urte Damoklesen ezpata buru gainean duzula. Eta zure bizitza, bizibidea eta izen ona guztiz hondoratuta. Benetako tortura bizitzen ari da Eliseo Gil. Egizu aurkikuntza handi bat horretarako.

Zein argudio erabiltzen dituzte faltsuak direla diotenek?

Lehendabizi latinezko idazkunak aurkeztu ziren. Orduan ez zen egon problemarik. Dena zen positiboa. Euskarazkoak aurkeztu zirenean hasi ziren kontuak. Mila arrazoi eman zituzten, bat ere ez ganorazkoa. Funtsean, euskeraz ez zela horrela hitz egiten duela bi mila urte: artikulurik ez zuela euskarak, polita edo arrapa bezalako hitzak beranduagokoak direla, eta horrelakoak. Bi euskal filologo izan dira dena hankaz gora jarri dutenak.

Eta zein benetakoak direla diotenek?

Batzordekideen txostenak irakurri ahal izan zirenean, harri eta zur geratu ginen asko erabiltzen zituzten argudioekin. Harrezkero, hogei txosten idatzi dituzte gai ezberdinetako adituek benetakotasunaren alde. Luze joko luke argudioak azaltzeak, baina labur esanda, ez da ikusten ezinezkorik ezer grafitoen edukietan, ez euskerazkoetan eta ez bestelakoetan. Oso koherenteak dira estratrigrafiak zein aurkitzaileek proposatzen dituzten datekin. Eta beti egin behar diren galderak: zein da krimenaren mobila? Zertarako horrelako faltsifikazio bat? Nor da iruzurgilea?

Zein da instituzioek eman dioten tratamendua Iruña-Veleiari?

Lotsagarria. Laborategiko analisiak eta indusketa kontrolatuak eskatu dira hasieratik auzia behingoz argitzeko, baina entzungor egin dute. Horren truke, dena faltsutzat jo, Eliseo Gil harrikatu, eta batzordeko epaileetako bat, Julio Nuñez, zuzendari jarri zuten. Honek hondeamakina batez sarraskia egin zuenean, babes osoa eman zioten. Arabako Aldundiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen jokaerak ez du izenik.

Eta komunikabideek?

Instituzioek bezain lotsagarria, salbuespen gutxirekin. Lehenik, itsu-itsuan sinetsi zuten Batzordearen epaia, eta Eliseo Gil eta bere taldea difamatu eta mediatikoki kondenatu zuten inolako erreparorik gabe. Azken hiru edo lau urtean, berriz, "itzalaldi informatiboa" ezarri dute. Ez duzu erreportajerik, elkarrizketarik edo zutaberik ikusiko medioetan. Are gutxiago tertuliarik. Gaia ez da existitzen. "Damnatio memoriae" esaten zitzaion lehen horri. Hitz gogorrak dira baina egia da. Pentsa, ia urtebete daramagu ostegunero Aldundiaren aurrean pankarta batekin manifestatzen eta oraindik hedabideetan ez da horren berririk agertu. Ezta "gure" prentsan ere.

Zein ondorio izango lituzke Iruña-Veleiako aurkikuntza egiazkoa dela frogatzeak?

Handiak. Lehen euskal hitzak eta esaldiak izango genituzke testuinguru autonomo batean. 180 bat berba dira eta hamar bat esaldi oso. Euskal filologia, historia, latinaren eboluzioa, erlijioen zabalkundea... arlo asko astinduko lituzke. Euskara idatziz erabiltzeko saiakera bat egon zela frogatuko luke; beranduko euskalduntzearen teoria betiko ezabatuko luke.

Eta aurkakoak?

Zer izan dezake txarrik horrelako aurkikuntza batek?

Bisita gidatu alternatiboak egiten dira Iruña Veleian. Zein da hauen helburua?

Tokia eta auzia ezagutzea. Tokia zoragarria da, Euskal Herriko parajerik ikusgarrienetakoa. Jende askok ez du azalean geratu nahi, gaian sakondu nahi du. Bisitaren ondoren bazkaria eta solasaldia egiten dira Langraitzen. Egundoko arrakasta izaten ari dira. Abuztuan hasita, zazpi egin ditugu eta berrehun lagunetik gora hartu dute parte. Jendea oso pozik gelditzen da. Mugimendu zabal bat eratzen ez bada, nekez bukatuko da ondo historia sinestezin hau.