Azpeitiko Tuba Jaialdia eta Jumilla Low Brass senidetu dira

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2015ko uzt. 9a, 18:32

Arrakastatsua izan da IV. Jumilla Low Brass jaialdia. Uztailaren 3tik 6ra, Murtziako (Espainia) Jumilla herrian ospatu da, eta tuba eta bonbardinoa izan ditu ardatz nagusi. Euskal kulturak ere bere tartea izan du, besteak beste, Azpeitiko Tuba Jaialdikoekin egindako senidetze ekitaldian eta Kepa Junkera eta Sorginen emanaldian. 

Masterclassak, kontzertuak, ekitaldiak... denetarik izan da Jumillan hiru egunez. Azpeitiko Tuba Jaialdiko kideak eta Jumilla Low Brass-ekoak anaitu ziren ekitaldia igande gauean izan zen, Vico antzokian. Bertan, Azpeitiko herriari buruzko bideo bat eskaini zuten, eta Tuba Jaialdiko hainbat argazki ere proiektatu zituzten. Oroigarri bat jaso zuten Tuba Jaialdiko kideek. Hauek, berriz, bertso bat eskaini zieten Jumilla Low Brass-ekoei.

Senidetze ekitaldia amaiturik, kontzertuek eta festak jarraitu zuten jaialdian. Datorren urriaren 9, 10 eta 11n ospatuko da Tuba Jaialdiko VI. edizioa Azpeitian. Eta bertako kideek adierazi dutenez, Jumillako lagunak ez dira faltako.