Erokomeri, "komeriaz betetako erromeria eroak"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2015ko uzt. 9a, 10:41

Erokomeri, hiru azpeitiarrek, usurbildar batek eta lasartear batek osatzen duten erromeria taldea da. Abenduan sortu zen, eta hainbat plaza alaitu dituzte ordutik bost gazteek. Jadanik lotuak dituzte kontzertu batzuk uda honetarako, tartean Azpeitian, San Inazio bezperan. Taldekideak elkarrizketatu eta ezagutzeko aukera aprobetxatu dugu.

Noiz eta nola sortu zen Erokomeri?

Taldea abenduan sortu zen, Arrasateko ingeniaritzako ikasleen egunean jotzeko asmoz. San Pankrazio egunean jotzeko ideia trikipote batean bururatu zitzaigun, horrela, gure artean hitz egin genuen eta entseatzeko txoko bila hasi ginen. Hortaz, maiatzaren 7an eskaini genuen gure lehenengo kontzertua, nahiz eta aurrez etxekoekin kontzertu txiki bat egina izan. Egun hartatik aurrera, talde gisa aritu garela esan dezakegu, aukera gehiago suertatu baitzaizkigu kontzertuak jo eta jendea dantzan jartzeko!

Nondik dator taldearen izena?

Izena konposatua dela esan genezake, 'ero' eta 'komeri' hitzen batura, hain zuzen. Horrez gain, 'erromeri' hitzarekin ere bat egiten du: 'Erokomeri erromeria!' Izenak gure ezaugarriak eta sortzen dugun giroarekin bat egiten duelakoan gaude, eta modu horretan, komeriaz betetako erromeria eroak sortzen eta bizitzen jarraituko dugu!

Azaldu taldearen nondik norakoa apur bat

Taldea bost kidek osatzen dugu: Josu Furundarena (Usurbil), Miren Cuerdo (Lasarte), Maialen Bastida, Asier Aizpuru eta Martin Altuna azpeitiarrok, hain zuzen. Josu gitarra jotzeaz arduratzen da, Mirenek panderoa lagun izanik. Maialenek, berriz, ahots lanetan jarduten du, Asier bateria astintzen ari den bitartean. Azkenengo kidea, Martin, trikitiarekin gogoz aritzen da. Hala ere, uste dugu gure taldea borobiltzeko beste kide bat baxua jotzeko beharrezkoa izango litzateekela eta horren bila hasiak gara. Bestalde, herri ezberdinetan bizi izateak kontzertuak edukitzeko aukerak zabaldu dizkigula esan genezake. Erromeria talde bat garen heinean, kontzertu guztietan amaiera aldera jotzen dugu, eta jendea animatzeko ahalegin guztiak egiten ditugu, hori izanik gure erronka nagusia.

Azken aldian kontzertu asko eskaintzen ari zarete: Elgetan, Azpeitian, Anoetan, Lasarten... nolako esperientzia izan da?

Ekaineko azken asteburua eta uztail hasiera lanpetuak izan ditugu. Ekainaren 27an Intxaurrondon izan ginen, 28an, berriz, Lasarten. Uztailaren 2an Elgetako gaztetxea bisitatu genuen, 3an Zaldibiako plazan egon ginen eta 4an, Azpeitiko Damaso auzoan. Kontzertuz kontzertu aritzeak, ondo pasatzeaz gain, hobetzeko aukera ematen digu, eta era berean, gure buruarekin konfiantza gehiago hartzen dugu. Esperientzia oso ona izaten ari da guretzat, poz ematen digulako jotzen ari garen bitartean, jendea gurekin batera dantzan eta ondo pasatzen ikusteak!

Zein plan dituzue hemendik aurrera?

Orain hurrengo kontzertuaren aurretik tartetxo bat dugu eta gure asmoa topera entseatzeaz gain, kantu berri batzuk sartu eta gure abesti propio bat sortzea ere bada. Hala ere, oraindik ez dugu diskorik ateratzeko asmorik ez baititugu geuk sortutako abestiak jotzen, beste talde batzuenak baizik.

Non ikusi ahal izango dugu uda honetan Erokomeri?

Hurrengo kontzertua Mutrikun izango dugu uztailaren 24an. Bigarrena, berriz, Azpeitian, San Inazio bezperan, uztailaren 30ean. Ondoren, abuztuaren 5ean Gasteizen izango gara eta zehaztutako azkena, abuztuaren 7an, Oñatin izango da. Posible da, eta pozgarria izango litzateke guretzat, uda aurrera doan heinean emanaldi gehiago lotzea. Orain arte eskainitako kontzertu gehienak gelakide edo lagunen bitartez lotuak izan dira, bakarren bat kenduta. Azken horiek sare sozialen bidez kontaktatutakoak izan dira.