Ikusgai dira Arte Eta Diseinu eskolakoen lanak Betharram aretoan

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2015ko eka. 24a, 12:34

Ekainaren 19an hasi zen Arte Eta Diseinu eskolakoen ikasturte amaierako erakusketa, Betharram aretoan. Datorren igandera arte, ekainak 28, bisitatu ahal izango da: astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara, larunbat eta igandeetan berriz, 12:00etatik 14:00etara.

Erakusketaren helburu nagusia ikasturtean zehar egindako lanak herritarrei erakustea da. Bertan, umeen marrazkiak, helduen margolanak eta egurrezko tailak ikus daitezke. Urtero egin ohi dute ikasturte amaierako erakusketa Arte Eta Diseinu eskolakoek, eta harrera oso ona izaten duela azaldu dute.

Herritarrei ekintza artistikoak eskaintzea eta erakustea helburu duen elkarte bat da Arte Eta Diseinu eskola. Hiru taldek osatzen dute: lehenengoan umeak daude, lau eta hamabi urte artekoak. Marrazkiak eta eskulanak egiten dituzte. Bigarren taldean pintura gelako ikasleak daude, hamabi urtetik gorakoak. Hemen, hainbat teknika lantzen dituzte: oleoa, pintura, pastelak... Hirugarren taldea berriz, tailako ikasleek osatzen dute. Hauek, hainbat lan egiten dituzte egurra tailatzen.

Jose Artetxe 3an du lokala Arte Eta Diseinu eskolak. Talde bakoitzak bere gela du bertan. Astean zehar, astelehenetik ostegunera, 17:30etatik 20:30etara dago irekita lokala, eta talde bakoitzak bere ordutegia du.

Datorren ikasturteari begira, lokaleko gelak hobetu nahi dituztela azaldu dute bertako kideek, ikasleek hobeto eta erosoago lan egin dezaten. Bestetik, tailer berri batzuk ere eskaini nahi omen dituzte.