Hirugarren 'Gogoetaolan' nazioa, lurraldea, autodeterminazioa eta subjektu politikoa aztergai

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2015ko mar. 16a, 13:43

Hirugarren astelehena du gaur martxoak, eta hirugarren Gogoetaola egingo dute, Azpeitiarron Napar Zuzterrek antolatuta.  "Norbearen burujabetzatik herriaren burujabetza berreskuratzeko trebaketa tailerrak" dira Gogoetaolak, eta martxoko astelehen guztietan egingo dituzte, 20:30etik 21:45era, Baigeran. Gaur, galdera zehatz bat izango dute aztergai: "Nola ulertu eta adierazten dut nik neuk zer lotura duten lau termino hauek elkarren artean? Nazioa, lurraldea, autodeterminazioa, subjektu politikoa". Ateak zabalik ditu joan nahi duen orok.

Gogoetaolak "aldaketarako bultzada" ematea dute helburu. Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaie "norbera jabetzea, bakoitzak eta herriak zer uste ditugun aldaketaren aurrean". Eta bost iritzi plazaratu dituzte:

1. Dauzkazun indarretaz jabetu, tarte bat hartu apuntatzeko, eta eskertzen hasi.

2. Gure sentsazio, emozio, sentimendu eta pentsamenduak gauzak eta egoerak sortzen dituzte.

3. Zer zentzuk ipiniko zintuzke zu zeu martxan?

4. Daukagun errealitatea daukagula ere, indartsuena biktima izatea alboratzea da.

5. Besteek zer egin esateko zain egoteak menpeko egiten gaitu, ez burujabe.

Horiek horrela, gogoetara denbora hartzeko deia egin diete herritarrei, "elkarri entzunez, jabetzeko, adierazten ikasteko, gogoaren lorpena irudikatzeko, sormenez ekiteko eta erantzukizunez modu solidarioan bidea egiteko".