Labar arte paleolitikoko grabatuak topatu ditu Antxieta Arkeologia Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2015ko ots. 25a, 15:45

Zestoako Erlaitz haitzuloan labar arte paleolitikoko grabatuak topatu dituzte Antxieta Arkeologia Taldeko kideek. Duela 22.000 eta 15.000 urte bitartekoak dira grabatuak, eta Danbolinzulon egindako aurkikuntzaren ondoren inguruak berrikusten ari zirela topatu zituzten. Ikerna Badiola Kulturako Diputatuak nabarmendu du, "Zestoa inguruetan dagoen kultur paisaia berria modu zabal eta bateratuan babesteko beharra" dagoela.

Donostian eman dute aurkikuntzaren berri, gaur, asteazkenez, eta esan dutenez, aurkikuntza "oso garrantzitsua" da. Zortzi animaliren grabatuak daude haitzuloan (zaldi, uro eta oreinak), eta beste batzuen zantzuak ere ikus daitezke. Bestelako material arkeologikoa ere badago, gainera.

Aurkitu dutena aztertuta ondorioztatu dute Erlaitz haitzuloa bi garai ezberdinetan erabili izan dutela, gutxienez: bizileku gisara Goi paleolitikoak, eta ehortz-leku moduan Kalkolitiko edo Brontze garaian. 

Erlaizko haitzuloa ezaguna zen lehen ere, 1978an topatu baitzuten Antxietakoek. Orduan hainbat material topatu zituzten, baina ez ziren konturatu grabatuak ere han zeudela. Orain, berrikustera joan direnean topatu dituzte. Otsailaren aurrenean zientifiko batzuk eraman zituzten bertaraino, eta grabatuak historiaurrekoak direla egiaztatu zuten.

Neurriak

Grabatuak eta Zestoa inguruetako ondarea babestu beharraz hitz egin du Badiolak prentsaurrekoan: "Inguruetako paisaia Kulturala erabat aldatu da, orain arte ezagutzen genuen Ekain haitzuloari, Danbolinzulo eta Erlaitz batu zaizkie. Praileaitz eta Astigarraga kobazuloak ere bertan daude. Gauzak horrela modu bateratu batean lan egiteko beharra agerian gelditzen da. Orain arte Ekain Fundazioak kudeatu du ingurua Ekainberri erreplika erreferentzia hartuta. Sei urte pasa dira sortu zenetik, osasuntsu dago fundazioa, baina muga berriak jartzeko ordua izan daiteke".

Jakiteko dago "muga" horiek zeintzuk izango diren, baina momentuz, Gipuzkoako Foru Aldundiak itxi egin du haitzulorako sarrera.

Bailarako ingurua ezagutzera eramateko abian dago Hezurren egia ekimena ere. Horren harira, ondarea zaintzeko deia egin zuen Jesus Tapia arkeologoak.