Mondocane: "Konturatu gara taldea gure bizitzako gauza garrantzitsua dela"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko urr. 22a, 19:13
Mondocane taldeko musikariak.

Mondocanek 2005ean hasi zuen bere ibilbdea, "elurretan". Ordudanik bederatzi urte pasatu dira dagoeneko, eta hirugarren diskoa aurkeztear da taldea, zapatuan, Azkoitiko Matadeixen. Sanagustin kulturgunean ere arituko da laukotea, azaroaren 1ean. 

2012an atera zenuten bigarren diskoa, UrAzala izenarekin. Nolakoa izan da disko hori atera zenutenetik Misterioa hirugarren disko hau atera arteko bidea?

2008an atera genuen gure lehen lana Ibai Bideak. Ordura arteko abesti onenak sartu genituen bertan, eta elkar hobeto ezagutzen joateko ondo etorri zitzaigun. 2012an kaleratu genuen UrAzala bigarren diskoan kontzeptu zabalagoan pentsatu genuen, eta gauzak gehiago lantzen hasi ginen: konposizioa hobeto landu genuen, soinuarekin gehiago jolasten hasi ginen eta letrak euskara hutsean idatzi genituen, barruak halaxe eskatzen zigulako. Aurreko bi lanetan, adibidez, Hammond teklatua sartu zuen Iñakik leku jakin batzuetan. Oraingo honetan instrumentu hau kentzea erabaki dugu, ordea. Askotan, gutxiago gehiago da, eta modu honetara dena ulergarriagoa egiten dela uste dugu. Ahotsari garrantzia emateko aukera ona izan da, eta kontzertuetan, abesti bakoitzarekin gozatzeaz gain, entzuleengandik gertu egoteko aproposa delakoan gaude.

Zer aurkituko dugu Misterioa lan berrian? Ibilbide horren isla izango al da? Zerk harrituko gaitu?

Gure soinua bilatu dugula esan daiteke, estilo moduko bat ere bai. Baina esan beharra dago, halere, abestiak ez ditugula antzekoak egiten. Taldekide bakoitzak bere eraginak ditu;  eta hori, askotan, aberatsa da. Garrantzitsua da abestiek gu betetzea, baina jendeari abestiak entzungarriagoak egitea ere zaindu dugun puntua izan da. Diskoari sendotasun eta joko handiagoa eman diogula uste dugu. Denetik aurkituko duzuela iruditzen zaigu; eta harritu edo, agian, espero ez dituzuen gauzak ere egon litezkeela.  Abestien hitzak bateratuta daudela izan daiteke berezitasunetako bat.

Nola ondu dituzue hirugarren disko honetako abestiak?

Gure Urrestillako entsegu lokalean sartuta egon gara urtebetez, eta abestiak ahalik eta ondoen lantzeko denbora hartu dugu. Beti bezala atera dira kantuak. Denon artean irtendako ideiak landu ditugu, inprobisazioetatik eta, gehienetan, gitarra Riff sendoetatik abiatuz, bakoitzak zuen guztia eman du. Asierrek ideia bat bazerabilen buruan, disko kontzeptual bat egitea nahi zuen. Kantuak konposatzerakoan bakoitzari ongi zetorkion izenburua jarri genion; beti ere, istorio hau kontutan hartuta. Hala ere, hortik aurrera, irteten zen bezala eta gehiegi itsutu gabe egin dugu lana. Halaxe joan ginen pixkanaka bederatzi abestiak ontzen.

Kantuen izenburu guztiek dute, nolabait, naturarekin harremana.

Joan-etorriko bidaia bat bezala ikusten dugun diskoa da hau, abesti guztiek elkar ukituz sortzen baitute osotasuna. Misterioa izena duen kantutik abiatu eta bukaera izeneko kantura eramango gaituen ametsaldian murgilduko gara. Basoa, magnetismoaren jatorria da eta gure Istorioa hasten den lekua. Sua ukitzen, ulertzen eta maitatzen saiatu gara. Aurrean zabaltzen zaigun iluntasunean sua da liluratzen gaituen izar-lainoa. Zure distira begietan, lilura bat bezala. Ehiztaria abestia ongi ulertzeko, geure buruari aske bidaiatzen utziko diogu. Gau elurtuaren altzoan piztien arimak lapurtzera doa. Eternalki lokabe, elurra, zuhaitza eta animalia den ehiztaria. Bizi maitalea infinitu zabalean. Zelata eta Animalia dira gainontzeko beste abestien izenburuak. "Naturaren botere gaindiezina etenik gabe hedatzen da”, hori diogu gure abesti batean. Aurreko diskoen azaletan beti agertu izan da harreman hori, baina oraingo honetan disko osoan du benetan lotura estua. Maite dugu sortu garen herri hau eta bere dituen gauzak. Aurrerapausoekin joango gara gauzak hobetzen. Hor uzten dugu gure mezua.

Diskoa doan deskargatzeko moduan jarri duzue. Zergatik hartu duzue erabaki hori?

Gure musika zabaltzen joateko aukera bat dela iruditzen zaigu. Jendearengana iristeko aukera gehiago dugula horrela, eta kontzertuak lortzen segitzeko, nola ez. Ongi dakigu, gaur egun, Internetekin gauza asko egin daitezkeela. Hala ere, 500 kopia atera ditugu.

Zuzeneko kontzertuak ematen hastekoak zarete. Ze ibilbide aurreikusten duzue?

Kontzertu batzuk  lotuak ditugu dagoeneko, baina gehiago irtengo zaizkigulakoan gaude. Saiatzen segitu beharra dago, nahiz eta zaila izan. Gainera, ez dugu managerrik eta dena guk egin behar dugu. Taldetik kanpo bakoitzak bere gauzak ditu, eta beharrezkoa da koordinazioa lortzea. Lasai gaude, ordea. Ateratzen badira ondo; bestela, aurrera.

Larunbatean Matadeixen joko duzue. Han eman dituzue zuen kontzertu garrantzitsuenetakoak: aurreneko kontzertua, bigarren diskoaren aurkezpena eta hirugarrenaren aurkezpena ere bai. Toki berezia al da zuentzat?

Mtadeixen jotzen dugun laugarren aldia da hau. Oso gustura joaten gara; gainera, soinu oneko lekua da. Berezia da guretzat bai. Bertakoak ezagutzen ditugu eta lagunak dira. Ongi zaintzen gaituzte, zer gutxiago.  Denok zaudete gonbidatuta Matadeiko kontzertura; gainera, sarrerarekin diskoa doan emango dugu. Azpeitian ere joko dugu diskoaren aurkezpen kontzertua: Sanagustin aretoan, azaroaren 1ean, larunbata, Grises talde zestoarrarekin batera. Kontzertu ederrak irtengo dira eta animatu, ederki pasako duzue-eta.                                     

Elektrika estudioetan grabatu duzue diskoa, eta kronikak egin dituzue egunero. Zer moduz moldatu zarete kazetari lanetan?

Denbora kendu digute musika zuzenean-eko kronikek, estudiotik irten eta zerbait idatzi behar. Alfergura pixka bat bazen hasieran, baina gustura aritu gara tartean behin geure estudioko nondik-norakoak idazten. Euskal musikaren ezinbesteko atarietako bat bihurtu da, Badok bezala, eta garrantzitsua iruditu zitzaigun gure Mondocane Rec hor egotea.

Nahasketak Anderrek Barriusok egin ditu. Gustura zaudete?

Ander Barriusok  grabatu, nahastu eta masterizatu du lana. Oso gustura gelditu gara bere lanarekin. Asko lagundu digu, oro har, eta bere iritzia baliagarria izan da guretzat. Benetan esperientzia oso positiboa izan da.

Nork egin ditu azala eta kontrazala?

Taldekideen artean egin ditugu. Argazkiak Asierrek ateratakoak dira eta gero Haritzek ordenagailuz landu zituen. Seguru geunden paisaia bat jarri nahi genuela, misterio kutsu batekin.

Taldea 2005ean sortu zen. Zer ikasi duzue bederatzi urteko ibilbidean? Aldaketa asko izan al dira?

2005eko elurretan sortu zen taldea, nahiz eta urtebetera sendotu ginen, gaur egun garen laukotea izan arte. Gauza asko ikasi ditugu hiru lan hauekin. Izan ditugu gure gorabeherak, normala denez, baina talde bezala asko indartu gara. Konturatu gara gure bizitzako gauza garrantzitsua dela, eta ahal dugun arte eutsi behar diogula honi, gozatu egiten baitugu musikarekin. Beraz, aldaketak ez ditugu izan taldean, baina aldatzen joan gara, onerako.