'Kondairaren oihartzunak', Sahatsa, Musika Banda eta Julian Barrenetxea abesbatzaren elkarlana

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko uzt. 3a, 15:19

Urte eta erdi inguru lantzen aritu diren Kondairaren oihartzunak ikuskizuna taularatuko dute Sahatsako dantzari eta musikariek, Azpeitiko Musika Bandak eta Julian Barrenetxea abesbatzak, larunbatean 22:00etan Soreasu antzokian. Sorginen historio eta akelarreetatik hasi, errenazimendutik igaro eta "dantza, zezen eta makil jokoez hormitutako festen ospakizunetarainoko". Juan Luis Lizarbe zuzendariak dio, 130 bat lagunek hartuko dutela parte.

Juan Luis Lizarberen arabera, bi zati izango ditu ikuskizunak: Aurrekeno zatian "Sorginen istorioak, akelarre handien ospakizunak, akerrari goratzarreak, bardoak Auñamendin bailaretako biztanle ahulenen artean justizia banatzen, Euskal lurretako lasaitasuna mehatxuz zuten inbasio eta inbasoreak, kontaezinezko baskoien guda ugarietako garaipenek eramango gaitu aspaldiko garai zailetara".

Bigarren zatia, berriz, "erdi aroko garai ilun eta zailak alde batera utzita XVIII. mendeko estetika, argi eta ezpatadantzetatik abiatzen da. Zuria nabarmen, hasiera errenazimendu garaian duela, ezpata dantza eta herrikoiak diren dantza, zezen eta makil jokoez hornitutako festen ospakizuna izango du ardatz bigarren zati alaiak".

Pablo Sorozabal, Jesus Guridi, Turrillas, Johann Strauss eta Robert W. Smith eta herri musikarien doinuak erabiliko dituzte, ikuskizuna osatzeko. 

Urte eta erdi, eta elkarlan estua

Ikuskizunaren aurreneko zirriborroak egiten hasi zirenetik ikuskizunak forma hartu arte, urte eta erdi inguruko lana izan dute. Larunbateko ikuskizun zehatza prestatzeko Sansebastian ondoren hasi ziren elkarlanean Sahatsa, Musika Banda eta Barrenetxea Abesbatza. Lanak banatu, programa zehaztu, plana egin...

Elkarlanerako experientzia "oso ona" izan dela dio Lizarbek. Bildu eta lanak banatzea erraza egin zaie, eta orain, azken uneko entsegu orokorretan ari dira.

Ez da elkarlanean aritzen diren aurreneko aldia. Lizarbek gogora ekarri du duela hainbat urte ere egiten zutela lan bandarekin eta abesbatzarekin, haien zuzendari Jose Luis Frantsesena eta Illarramendi zirenean. "Ikuskizunak polikiroldegian egiten genituen, baina polikiroldegia egokitzeak halako lana ematen zuen, egiteari utzi geniola". Orain, baina, Soreasuko antzokiak baldintza egokiak dituenez, berriz eutsi diote elkarlanean ikuskizunak antolatzeari.

Hala egin zuten 2012an, Bideko sentipenak lanarekin. "Esperientzia baikorra izan zen, eta halakoetan jarraitzea erabaki genuen hiru taldeok". Hala, larunbatean egingo dute Kondairaren oihartzunak lana. Azkoitian ere taularatu zuten lan hori, hango banda eta abesbatzekin, Baztartxon. "Amaieran, publikoak zutik jo zituen txaloak".