Bihar Itsasiko haur eta gaztetxoak dantzan Sanagustinen, eta etzi Dantza Suelto eskolakoak Sanjuandegin

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko mai. 30a, 17:41

Urtean zehar egindako lanaren emaitza jendaurrean erakusteko aukera izango dute haur eta gaztetxoek, bihar eta etzi egingo diren dantza emanaldi banatan. Bihar, 12:00etan Sanagustin Kulturgunean izango dira Itsasikoak, eta etzi, ordu berdinean, Sanjuandegin, Luis Alberdi Beltzaren Dantza Suelto eskolakoak. Kirioak eta hankak dantzan izango dira!

Urtean zehar ikasitako dantzak egingo dituzte haur eta gaztetxoek, guraso, lagun eta herritarren aurrean. Urtero egiten dituzte bi saio horiek bi taldeek.

Itsasikoek, esate baterako, biharkoa izango dute urteko saiorik garrantzitsuena, nahiz eta urtean beste bi ere egiten dituzten: Itsasiren egunean bat, eta Elizkaleko jaietan bestea (aurten ekainaren 28an). Biharkoan 75 ume inguru izango dira agertoki gainean, bost taldetan, eta bakoitzak bina dantza egingo dituzte; guztiak tradizionalak.