Patxada ederrean solasean

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko ots. 19a, 09:00
('Aho bizarrik gabe' solasaldi zikloko orain arteko sei saioak)

Kultur Mahaia-Sanagustinek, Uztarria Komunikazio Taldeak, Erlo Telebistak eta Urola Kostako Hitzak gaur urtebete ekin genion jende ezagunarekin 'Aho bizarrik gabe' solasaldi zikloa antolatzeari. Sei gonbidatu izan ditugu harrezkero Sanagustin kulturgunean: Martxelo Otamendi, Juan Jose Ibarretxe, Benito Lertxundi, Maddalen Iriarte, Jose Maria Setien eta Amets Arzallus. Hemen saioetako zertzeladak. Hurrengo saioa martxoaren erdialdera izango da.

Oro har bi hilean behingo maiztasunarekin hontaz eta hartaz jende ezagun eta euskaldunarekin solasean aritzeko helburuarekin sortu zen Aho bizarrik gabe zikloa; kalitateko eta prestigioko saioak euskaraz antolatzea Azpeitian, horixe asmoa.

Beste xede bat: gai edo galdera-jartzaileak azpeitiar edo Azpeitian bizi diren kazetariak, edo hedabideekin lotura duten azpeitiarrak izatea, eta saioko, desberdina izatea. Jendeari aukera emateko, alde horretatik ere zikloan kolorea izateko.

Eta elkarlana izan da beste irizpide bat: herriko / eskualdeko Kultur Mahaia-Sanagustinek, Uztarria Komunikazio Taldeak, Erlo Telebistak eta Urola Kostako Hitzak elkarrekin antolatzea zikloa. Gainera, bakoitzak bere euskarriak baliatzea solasaldien berri emateko: prentsa –aldizkaria eta egunkaria–, telebista eta Internet.  

Batez beste, 125 lagun izan dira saio bakoitzean.

MARTXELO OTAMENDI (2013-02-19) Egunkaria-ko zuzendari ohia eta egun, Berria-koa.

Justu hamar urte lehenago ere Azpeitian izan zen Martxelo Otamendi, hitzaldi bat eskaintzen, eta ordu gutxira atxilotu egin zuten, Egunkaria-ren kontrako operazioan. Mikel Aiestaranek jarri zizkion gaiak gaur urtebete Sanagustin kulturgunean.

Otamendiren bi esan:

- "Hedabideen sektorean bi krisi daude: bata soziologikoa da, eta lehendik antzemanda zegoena. Bestea gero etorri da, estrategian teknologoen eta kudeatzaileon arteko dibortzioarekin. Trantsizio teknologikoa eta gestioa ez dugu elkarrekin egin. Teknologoek sekulako aurrerapena egin dute, eta euskarri tradizionaletan eskaintzen duguna, euren aldetik oso azkar landu dute, formatu berrietan eta beste euskarri batzuetan eskainiz".

- "Unibertsalak diren hiru marra gorri jartzen dira: gizarte zerbitzuak, hezkuntza eta osasuna. Cuencarako edo Marseillarako balio dezakete, baina guk hizkuntza minorizatu bat dugunez, gureak definitu beharko genituzke: gizarte zerbitzuak, hezkuntza, osasuna eta euskara".

JUAN JOSE IBARRETXE (2013-03-12) Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia eta Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendaria.

Jaurlaritzako lehendakari postua utzi zuenetik –2009ko maiatza–, Juan Jose Ibarretxek euskaraz emandako lehen elkarrizketa izan zen Azpeitikoa. Oihana Elduaienek egin zion.

Ibarretxeren bi esan:

- "Geure herria, geure hizkuntza, kultura munduko plazan kokatzea da nire lana, baina kasu honetan agenda akademikoan ipiniz. Bizitzan dena da politika egitea, politika egunero egiten dugu".

- "Momentu honetan arazoa ez da independentea ez izatea, dependentea izatea da arazoa. Herri batentzat gauzarik txarrena dependentea izatea da. Europako Batasuna independentziak konpartitzea da, eta nik Europako Batasunean nire subirotasuna konpartitu nahi dut beste herriekin. Nik Europako Batasunaren dependente izan nahi dut, baina beste herriek baino dependentzia handiagoa ez dut izan nahi".

BENITO LERTXUNDI (2013-05-21) Kantaria.

"Ez naiz etorri hemen ni ongi gelditzera. Eskamak uztera etorri naiz", esan zuen Benito Lertxundik saioaren hasieran. Pako Aristik jarri zizkion gaiak; lehen ere liburu baterako biak solasean luze arituak ziren.

Lertxundiren bi esan:

- "Ez Dok Hamairu-rekin espiritu bat sortu zen, gure herriaren izanarekin, ideologikoa ere bai. Euskal Herrian, honegatik edo haregatik, ziklo hauek 40 bat urte irauten dutela uste dut. Orduan oso garrantzitsuak ziren hainbat gauzak gaur egun prestigioa galdu egin dute; orduan balore ziren gauza asko gaur egun ez dira hain balore. Esango nuke espiritu hori gastatzen ari dela. Ez Dok Hamairu bat herri honek ezinbestekoa du gaur egun ere, esaten ditugun nahiak eta helburuak baditugu. Nik oraintxe ez dut oso garbi herri honen helburua zein den".

- "Gu erabat pentsamenduan bizi gara eta pentsamendua iragana da. Beti bizi gara iraganean lotuak, amarratuak. Nahigabe geure espetxea sortzen ari gara. Gauzak antzemateko bizitzako baliabideak ditugu. Baina gauzak modu aske batean ikusten jakin behar dugu, bere naturalezan".

Saioko bideorik ez dago kasu honetan, gonbidatuak bideo grabaziorik nahi ez zuelako.

MADDALEN IRIARTE (2013-07-09) ETBko kazetaria.

Maddalen Iriartek ETB1eko Azpimarra saioan tertulian izaten du Eider Alkorta, iritzi-emaile. Sanagustineko Aho bizarrik gabe saioan paperak aldatuta izan ziren.

Iriarteren bi esan:

- "Objetibotasunik ez dago kazetaritzan. Emakumeen kontrako biolentzia, esaterako, ez dut ulertzen. Biolentzia guztiak atentzio handiz begiratu beharreko kontuak dira, eta oso larria da zuzenbide estatuak hori ez zaintzea. Bestalde, euskararen eta euskal kulturaren inguruan ere eman izan dut iritzia. Gainera, asaldatu egiten nau euskara modu positiboan diskriminatzen dela entzuteak. Marra gorri horiek, adibidez, ezin direla gainditu uste dut".

- "Egun garrantzia handia dute esaldiek, eta zeinek handiago esango ibiltzen dira. Ikusi besterik ez dago egunero zenbat politikari izaten den komunikabideetan. Baina horren atzean zer dago? Ezer handirik ez. Orain esanen politika egiten da".

JOSE MARIA SETIEN (2013-10-15) Donostiako elizbarrutiko gotzain ohia.

Gustura zen Xabier Euzkitze, lehen aldiz izan zuelako Jose Maria Setien elkarrizketatzeko parada.

Setienen bi esan:

- "Gotzain nintzenean uste nuena egiten saiatzen nintzen. Gipuzkoako eta Euskal Herriko arazoak bereziak ziren, eta horretaz hitz egiten nuen. Gotzainak arazo horiez hitz egin behar zuen, nahi ez bazuen ere. Arazo horiek, azken batean, elizaz kanpo ere planteatzen ziren, eta jendeak kezkak zituen. Nitaz esandakoekin ez dut sekula minuturik galdu".

- "Frantzisko I.a aita santuaren hitzak ez daitezela ikusmina sortzeko soilik izan, eta benetako itxaropena ekar dezatela espero dut. Elizak esperantza behar du. Azken batean, ea hitzak eta asmoak errealitate bilakatzen diren, eta nola bilakatzen diren. Dena den, nik uste esperientzia eta indarra badituela aita santu berriak".

AMETS ARZALLUS (2014-01-07) Bertsolaria eta kazetaria.

Bertsolaritzako Euskal Herriko Txapelketa Nagusia irabazi eta hiru astera etorri zen Sanagustineko solasaldira Amets Arzallus. Estitxu Elduaienekin aritu zen.

Arzallusen bi esan:

- "Txapela norbere buruan ikustea kostatu egiten da, arraroa da, eta ez naiz gehiegi ere ahalegintzen. Aurretik txapeldun izandakoak ezagutu ditut, eta nik miresmen puntua nien haiei, baina lehen pertsonan bizitzea zaila da. Ibiltzen segitzeko ilusioa daukat, behin gailurrera iritsiz gero jaistea beste aukerarik ez dago-eta".

- "Iparraldean doazenek daramaten hizkuntza eta datozenek dakartena erabat desberdina da. Haienak kantitate eta kalitate handia du. Datorrena oso pobrea da. Etorkizuna ereiteko kasik baratza bakarra ikastolak dira Iparraldean".