Asier Sustaeta: "Istorio beltza da. Eromenaren indarra irudikatzen du"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2013ko abe. 3a, 10:33

Erabaki produkzioak taldeak bere bigarren lana aurkeztuko du ostegun honetan, Soreasu Antzokian. Dagoeneko sari bat eskuratuta egingo dute gainera: "Atzo Lekeitioko euskal zine bileran Aio! film laburrak argazki onenaren saria jaso zuen. Oihan Amezua da laburreko argazki zuzendaria. Zorionak berari eta lan talde osoari... Zuek gabe ez zen posible izango". Mezu horrekin topatu ginen sare sozialetan joan den igandean —elkarrizketa hau lehenago egin zitzaion Sustaetari—.

Bizi-bizirik dago Erabaki produkzioak taldea. Asier Sustaeta, Netzer Bereziartua, Oihan Amezua eta Karlos Ibarmia dira. Iaz Oinaze egoitza laburra aurkeztu zuten eta harrera ona izan zuen. Urte betera, bigarren lanarekin datoz eta, ofizialki aurkeztu ez badute ere, dagoeneko sari bat eskuratu dute Lekeitioko euskal zine bileran: Argazki onenaren saria. Ostegun honetan, Soreasu Antzokian estreinatuko dute, 20:30ean.

Aio etorri da, bigarren lana.

Urtean bat egiteko ideia dugu, gehiegi estutu gabe. Lehenengoaren ibilbidea ikusita bigarrengoa egitera animatu gara. Oraingo honetan, aurrekoa baino sinpleagoa egin nahi genuen, baina konplikatu egin zaigu. Alfred Hitchcock­-ek zioen errodajean umeak eta animaliak ez zirela sartu behar. Antzeman diogu zergatik. Guk biak sartu ditugu eta aurrekin oso ondo moldatu gara, baina animaliekin...

Zer kontatzen du Aio!-k? 

Istorio beltza da. Eromenaren indarra irudikatzen du. Lehengo garaietan, etxeko trapu zaharrak etxean gordetzen ziren; halako arazoak zituztenak baserrian ezkutatzen ziren eta garai ilun hori landu dugu, tratatu gabeko eromenaren arriskua hain justu.

1900 eta 1925 bi urte horietan gertatzen dena jasotzen du. 1900. urtean gertatutako ekintza batek handik 25 urtera ondorio batzuk eragiten dizkio familia bati, eromenera eraman arte. 

Azpeiti eta Azkoitiko aktoreekin egin duzue lan berriro, ezta?

Bai. Pedro Otaegi, Iñigo Aranbarri, Idoia Uranga, Itziar Elias, Alaitz Olaizola, Mari Karmen Borda, Eki Aizpuru eta Irati Lazkano izan dira. Bikain portatu dira. Nahikoa kondizio txarretan egin behar izan dituzte grabaketak, basoan eta hotzetan. Baina beti prest egon dira edozertarako. Pentsa, Idoia gaisotu egin zitzaigun grabazioaren ondoren. Oso gustura gaude Pedro, Mari Karmen-eta ezagutu izanaz.

Labur hau egiten, adibidez, zenbat denbora pasa duzue?

Sei hilabete. Bi tokitan grabatu dugu: Erdoizta-berri baserrian —jabeari eskertu nahi diogu, oso ondo portatu baita gurekin—. Eta basoko sekuentziak, berriz, Madariaga auzoan, Azkoitian. 

Eta orain aurkezpenen garaia izango duzue, ezta?

Lekeitioko zine bilera lehiaketan sartu dute eta han izango gara. Euskal zinemaren erreferentea da niretzat jaialdi hori. Iaz, Oinaze egoitza-rekin bigarren saria lortu genuen. Durangoko Azokan ere egongo gara iaz bezala, Irudienean. Eta ostegunean Soreasu Antzokian aurkeztuko dugu jendaurrean, 20:30ean. Ikusi ondoren, azalpenetarako eta galderetarako tartea hartuko dugu.  

Ez zaudete geldirik egoteko.

Hurrengo proiektuak pentsatzen ari gara. Momentuz, ordea, Kasik musika taldearen bideoklipa grabatzen ari gara Soreasun, eta horretara gaude. 

Erabaki produkzioak

Laburra: Aio.
Iraupena: 10 minutu.
Aurkezpen data: abenduak 5, osteguna.
Tokia: Soreasu Antzokia.
Ordua: 20:30.
Kamara: Oihan Amezua.
Audioa: Karlos Ibarmia.
Makilajea eta atrezzoa: Netzer Bereziartua.
Zuzendaria eta gidoigilea: Asier Sutaeta.

Erabaki Produkzioak. Sorrera: 2012. / Taldearen helburu nagusia zinema eta bideogintza indartzea da, film laburrak ekoiztuz. Aldi berean, Azpeitian dagoen hutsune eta gabezi bat betetzea nahi du, eta egindako lanak herriari erakustea. / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak