12 Tribu: "Lehengo erara grabatu dugu diskoa eta asmatu dugula uste dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2013ko mai. 3a, 13:10

Ostiral gauetan entseatzen dute. Urrestillako Triku Musika Elkartean, beheko lokalean. 21:30ean hitzartzen dira 10 laguneko koadrila bat eta roots reggaea egiten dute. Ekain Artola eta Oihana Aldazabal kideekin egon gara eta elkarrizketa egin diegu ateratzear diren diskoaren harira eta bihar Sanagustin kulturgunean joko dutela probestuta.

Nolakoa da ostiral gau bat? Zein da zuen prozesioa?
Normalean, 21:30ean geratzen gara eta, normalean, beti berandu hasten. Denok juntatzerako pasatzen da denbora. Hortik aurrera, egoeraren araberakoak izaten dira. Kontzertua badugu zerrendako errepertorioa jotzen dugu eta hori bukatu arte han egoten gara. Ez badugu kontzerturik, berriz, gau oso bat pasa dezakegu kantu berri bat ateratzen. Beti gabiltza kantu berriak egiten ez estankatu eta ez aspertzeko. Baina reggaea egiten dugunez, lasai hartzen dugu. 12:00etarako bukatu nahi izaten dugu; ordutegia errespetatzea, ordea, inoiz ez dugu lortu. Badugu kantu bat, Ostiral reggae gaua, hau guztiaz egina.

Disko berria prestatzen ari zarete. Noiz kaleratuko duzue?
Grabatuta eta masterizatuta dago. Azaleko diseinua ere egina dago. Orain banatzaile baten bila gabiltza eta horren arabera egongo da. Guk lehenbailehen nahi dugu. Berez, biharko kontzerturako nahi genuen eskuartean edukitzea, baina ezin izan dugu.


Izena erabaki al duzue?

Bai. Dudatan ibili gara birekin, batik bat. Taldea bananduta edo geldirik egon zen denboraldi batez eta jende berria sartu da. Berriro martxan jarri dela adierazi nahi genuen eta Roots again izena jarri diogu.

Zenbat denbora egon zarete geldirik?
Urte eta erdi? Bi urte? Geldirik ez gara egon inoiz; taldekide berriak bilatzen, kontzertuak bilatzen ibili gara eta hor tardatu genuena izan da.

Zeintzuk dira diskoaren ezaugarriak?
Hamabost kantu izango ditu, horietatik 6 dub-ak.

Dub-ak?
Kantuei ahotsa kendu, anplifikatu.. formatu bat ematea da. Musikoek basikoa egiten dute eta gero produktoreak efektuak sartzen dizkio. Hau da, jolastu egiten du pistekin, elkarrekin nahastu... Eta emaitz horri dub-a deitzen zaio. A-Lone estudioetan (Santander, Espainia) grabatu dugu diskoa Roberto Sanchezekin. Oso gustura gaude. Estatu mailan, onenetakoa izango da eta pertsona gisa ere bikaina da. Gainera, asko entseatuta sartu ginen estudiora; klaketekin entseatuta. Eta Robertok grabazioan klaketarik gabe eta elkarrekin jotzera animatu gintuen, sentimenduak bilatzeko, naturalagoa izateko. Lehengo erara grabatu genuen. Ondo atera zen eta asmatu dugula uste dugu.

Eta hizkuntza?
Disko honetan bi kantu euskaraz daude, besteak ingelesez. Baditugu euskarazko kantu gehiago eta hemendik aurrera gero eta gehiago erabiltzera joko dugu.

Nork egin ditu hitzak eta zertaz hitz egiten dute?
Denetik eta denen artean egin ditugu: gerra, naturak sortutako hondamendiak, pertsona galduak, ostiral gauaz, maitasuna... Batzuetan norbaiten etxean bildu izan gara idazteko, baina normalean, batek proposatzen du edo ekartzen du ideia bat eta gero denon artean osatzen dugu. Ahoskeran ondo geratzen den, estrofan sartzen den... begiratzen dugu. Kantuekin ere berdin gertatzen da.

Azkar atera duzue disko berria, ala? 2012an atera zenuten 'Freedom sounds' aurreko diskoa.
Pare bat urte pasatu ditugu honekin.
Freedom sounds-eko kantuak aspaldi egin genituen, nahiz eta iaz atera diskoa. 12 Tribuk, beti, kantuak egin izan ditu, kontzertuak jo eta, gero, grabatzera joan. Sortu dugun hori inmortalizatzeko bezala egiten dugu. Berez, prozesua alderantzizkoa izaten da, ordea.


Zer asmo duzue diskoarekin, internetetik jaisteko moduan jarriko duzue aurrekoa dagoen moduan?
Ez. Oraindik geure artean hitz egin behar dugu gehiago, baina saltzeko asmoa dugu. Aurreko disko guztiak, bai, jaisteko moduan jarriko ditugu.

Ia 20 urte bete ditu taldeak. Ibilbide luzea, taldekide aldaketak... Nola eragiten du horrek?
Ez dakigu ziur zenbat urte izango dituen taldeak, sorreratik dabiltzanek dudak dituzte eta, baina 18 gutxienez bai. Hasieran Tauceti izenarekin hasi zen eta behin erabaki zutenean roots reggae estiloa zela egin nahi zutena 12 Tribu izena jarri zioten. Jende asko pasatu da taldetik eta bakoitzak bere alea eman du, baina estiloa definituta dagoenez, aldaketa guztiak horren barruan egin dira. Batzuk, gainera, taldearen sorreratik mantendu direnak daude eta horiek oso garbi daukate zer egin behar den. Gero, badira beste gauza batzuk taldearekin identifikagarriak direnak eta beti mantendu direnak, esaterako, Txatoren bateria jotzeko modu esanguratsu hori.

Aldaketa asko egon dira, egia da. Horrek taldearen erritmoa azkarra ez izatea ekartzen du, hori da kontua. Hala ere, 12 Tribu izaten eta roots reggae estiloa egiten jarraitzen dugu.

Bihar Sanagustin kulturguneko reggae gauean joko duzue kontzertua. Zer espero duzue?
Hemen ez da reggae askorik entzuten eta aspaldi ez da egin halako kontzerturik. Guk bai, jo izan dugu, baina beste estiloko talde batekin batera eta. Bihar dena reggaea izango da, Survival Bob Marley Tribute Band, Patxi eta Willy DJak eta gu. Jendea animatu nahi dugu entzutera etortzera.

Nola zabiltzate kontzertu aldetik?
Duela gutxi Zarautzen izan gara, bihar hemen joko dugu eta ekainean Elgetan. Hasiera ona da. Hala ere, krisiarekin, kulturan ezarritako BEZ igoera... lehen baino zailagoa da dena. Kontzertuak egin nahi baditugu, gu bezalako talde batek berak proposatu eta berak hartu behar ditu arriskuak, gaur egun. Zorionez, guk afizioz egiten dugu hau eta orain arte, gainera, jendearen erantzuna ona izaten ari da 12 tribu berria dugunetik.


12 Tribu taldearen datuak
.
Sortze urtea: 1995 aldera.
Estiloak: Ska, rocksteady eta, gaur egun, roots reggae.
Diskoak: Who's your leader (1999), In it together (2002), Rebel inna Nazarin Street (2005), Reggae Gaua - Matadeixe (2011) (zuzenekoa) eta Freedom Sounds (2012).
Kideak: Miren (ahotsa), Txato (bateria), Ladis (baxua), Iosu (gitarra), Imanol (teklatua), Oihana (teklatua-koruak), Ekain (saxoa), Etxaniz (tronboia), Ibar (tronpeta-koroak) eta Asier (perkusioa).
Webguneak: myspace.com/12tribu; www.facebook.com/pages/12-Tribu-reggae-taldea; 12tribu.bandcamp.com/.

---

Urrestillako Triku Musika Elkartea. Sorrera: 1987. / trikume@gmail.com / Hainbat musika talde biltzen da Urrestillako eskola zaharreko lokaletan. Estilo desberdineko musika jotzen dute. / Liburua: Urrestillako musika taldeak / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak