"Rol aldaketa handia ari da gertatzen"

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2012ko abe. 8a, 17:00
Gaizka Zubizarreta atzo Durangon, 'Mujer de canela' liburuarekin. (Argazki Press)

Bere esperientziatik abiatuta, liburuen autoedizioaren abantailez eta desabantailez aritu da Gaizka Zubizarreta idazlea, azokako areto nagusian egin duen hitzaldian.

Bere liburu bat autoedizioaren bidetik argitaratzeko, idazleak "motibazio garbia" izan behar du, Gaizka Zubizarreta idazleak (Urrestilla, Azpeitia, 1983) atzo Durangoko Azokako areto nagusian egin zuen Idazle berriak autoedizioaren bidetik hitzaldian azaldu zuenez. Autoedizioa "bakardade handiko bidea" da idazle berriarentzat, idazteaz gain bestelako lan askori egin behar dielako aurre.

Horrez gain, "aurreiritzi asko" daude autoedizioaren inguruan, hala idazlearen aldetik nola irakurlearen aldetik. Idazleak zalantzak izan ditzake, adibidez, bere lanak izango duen harreraren inguruan, eta irakurleak pentsa dezake idazleak beste aukerarik izan ez duelako jo duela autoediziora, kalitate urriko lana egin duelako. Baina liburuen edizioaren historian ugariak dira egileak berak argitaratutako liburu onak eta arrakastatsuak, James Joyceren Ulysses nobela ezaguna horien artean, XX. mendeko literaturan eragin handienetakoa izan duen obra laudatua.

Liburuen edizioaren mundua "aro digitalean" sartu berria da, eta autoedizioaren munduan aldaketak ekarri ditu horrek. Orain askoz merkeagoa da autoedizioa, eta gainera eskaeraren araberako inprimaketa egiteko aukera dago, arrisku ekonomiko gutxiago hartuz.

"Agertokia aldatzen ari da", Zubizarretaren ustez. "Rol aldaketa garrantzitsu bat gertatzen ari da. Idazlearen rola aldatzen ari da, baita irakurlearena eta bitartekariarena ere". Aldaketa horiek idazlea "negozioaren erdian" kokatzera eramaten ari dira, eta irakurlea, idazlearekin harreman errazagoa, zuzenagoa eta estuagoa izatera. Irakurlea kritikariaren rola ere bereganatzen ari da gaur egun, sare sozialen bidez bere iritzia zabalduz. Egungo argitaletxe konbentzionalek aldaketa horietara guztietara egokitu beharra izango dute aro digitalean, Zubizarretaren ustez.

Gaizka Zubizarretak Mujer de canela nobela autoeditatu du Bubok plataforma digitalaren laguntzaz. Euskaraz idatzi zuen jatorrizko bertsioa, Kanelazko emakumea, duela zenbait urte. Gaztelaniazko itzulpena ez da jatorrizkoaren hitzez hitzezko itzulpena, bertsio aldatua baizik.