Nagore Aranburuk zuzendutako umorezko saio bat estreinatuko dute ETB1en

Erabiltzailearen aurpegia Berria.info 2012ko urr. 31a, 17:10

Zortzi irakasle xelebreren gorabeherak kontatuko ditu saio berriak. Ostegunetan emango dute.

Bihartik aurrera ostegun gauetan umorezko telesail berri bat izango da ikusgai ETB1en: DBH. Ostegunetako emanaldiaz gain, igandetik asteazkenera gauero hamar minutuko atalak emango dituzte, 22:00ak aldera.

Nagore Aranburu (Azpeitia, 1976) aktore eta gidoilariak zuzendutako saioa izango da. ETB1en bertan Sorginen Laratza eta Wazemank saioetan aritu izan da gidoilari. 

Itziar Azpeitia ETBko programa berrien garapenerako arlo buruak azaldu duenez, kamera bakarra eta finkoa izango da grabaketetan: "'Mono kamera-multi set' deitu diogu ekoizpen sistemari. Lau dekoratu daude, baina kamera bakarra eta hori beti finko dago. Beti ikuspuntu berbera erakutsiko digu kamerak".

Mikel Pagadizabal, Egoitz Lasa eta Anjel Aldarondo dira saioko gidoilariak, Anartz Zuazua aktore zuzendaria, eta aktoreak Elena Irureta, Ramon Agirre, Sara Cozar, Joseba Apaolaza, Mikel Martinez, Asier Sota, Nagore Urbeltzu eta Xabier San Sebastian.

Zortzi irakasle xelebre izango dira aktoreak. "Zerbait entretenigarria, arina eta umorez betetakoa egiten saiatzen ari gara", esan du Aranburuk.

K2000k, Txintxetak eta ETBk ekoitzi dute fikziozko programa berria.