Autoeraketarako pausoa emango dute euskal sortzaileek azaroaren 24an Azpeitian

Erabiltzailearen aurpegia Berria.info 2012ko ira. 11a, 18:55

Uztailaren hasieran ere elkartu ziren, elkar ezagutzeko eta gogoeta trukerako.

Euskal sortzaileak azaroaren 24an berriro bilduko dira Azpeitian, zelan autoeratuko diren erabakitzeko asmoz. Sei sortzailez osatutako talde batek autoeratzeko moduak aztertuko ditu: kultur elkartea, fundazioa, patronatoa, kooperatiba... Soreasu Antzokian egingo dute bilkura goizez, eta arratsalderako "ikuskizunen bat" prestatuko dute Sanagustin kulturgunean egiteko.

"Bere burua euskal sortzailetzat duen orok parte har dezake topaketan", dio Ahotsenea.org sortzaileen guneak.

Elkar ezagutzeko eta gogoeta trukerako topaketak egin zituzten joan den uztailaren 2an eta 3an Azpeitian bertan, Sanagustin kulturgunean. Autoeratzeko xedea jarri zuten; besteak beste, "euskal sortzaileen presentzia bermatzeko, zaletuak sortzeko, euskal kultura prestigiatzeko eta fronte guztietan politikak sortzeko".

Uztaileko jardunaldietan ondorioztatu zuten "oro har, kultur sorkuntzaren egoera nahikoa kaskarra" dela. "Oso egoera ezberdinak bizi ditugu, bai adierazpideen artean bai adierazpide berekoen artean. Sortzaileon artean alde handia dago". Gainera, haien aburuz, "kulturari ez zaio behar besteko garrantzirik ematen".

Helburuak, indarguneak eta egoerari buruzko apunteak.