Felipe Murillo: "Helburua Marea Arroxaren abestia guztiona izatea da"

Erabiltzailearen aurpegia Berria (Monika Juaristi) 2012ko uzt. 28a, 22:08

Marea Arroxak saninazioetarako abestia atera du. Abestiaren hitzak idatzi ditu Felipe Murillok (1987, Azpeitia). Elektrotxarangako abeslaria da, eta Marea Arroxako kidea.

Nolatan egin duzue aurten abestia?

Ideia Marea Arroxatik eta udaletik iritsi zen. Kontua da txupinazo ondorengo kalejiran musika banda alde batetik eta elektrotxaranga bestetik joaten direla. Aurten, pentsatu genuen ondo legokeela denok batera egiteko zerbait egitea, eta erabaki genuen biek jotzeko modukoa izango zela Marea Arroxaren inguruko abestia. Helburua denok batzea da; helduak, gazteak zein haurrak, giro eta adin askotarikoak bateratzea.

Zer nahi duzue transmititu?

Ez gara saiatu mezu jakin bat helarazten. Bai ematen du apur bat Marea Arroxaren mezua: festa parte hartzaileak, festa euskaltzaleak, parekideak eta presoen aldekoak. Abestiak zuzenean hori ez esan arren, hori da transmititzen duen mezua.

Zergatik horrenbeste abeslari?

Helburua Marea Arroxaren abestia guztiona izatea da. Horregatik, jende askori eskatu zaio parte hartzea. Azkenean, abesbatzak mezetan abesten badu, Marea Arroxako abestian ere parte har dezakeela pentsatu genuen. Hogeita hamar bat lagunek hartu dugu parte. Eta Eñaut Gaztañagak ere sekulako lana egin du estudioan.

Txupinazoaren ondoren joko duzue lehen aldiz herriarentzat. Gero, zer?

Bai lehenengo aldiz enparantzan bertan joko dugu, txupinazoa botatakoan. Gero, kalejiran beste bi aldiz edo joko dugu, musika bandak eta txarangak batera. Pentsatzen dut tabernetan entzungo dela, jendea nazkatuko da baina... kar-kar.

Eta Marea Arroxara aldatuta... Nola hartu duzue udalaren aitortza?

Marea Arroxak hiru urte daramatza festak indartzen eta parte hartzaileagoak egiten. Aurten, txupinazoaren unea eskaini digute egindako lana aitortzeko eta eskertzeko, baina Marea Arroxaren atzean jende mordoa dago, urte askoan lan asko egin duen jendea. Beraz, guztiona da aitortza.

Nolakoa izango da txupinazoa?

Suziria botatzeaz aparte, beste ekitaldi batzuk egingo ditugu. Beti bezala entzungo dira tronpetak-eta, baina, horretaz gain, bertsolariak izango dira eta txalaparta saio bat ere antolatu dugu. Zerbait ezberdina egin nahi genuen, eta hortik jo dugu. Berezia izango da.