Nerea Zabala: "Sorrerako jenderik ez da gelditzen taldean, beste batzuk gaude orain, baina haiek sortutakoari lotuta"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2012ko uzt. 20a, 12:30

Bihar, zapatua (uztailak 21), Itsasi Euskal Dantza Taldeak 'Gu sortu ginen enbor beretik...' emanaldia eskainiko du, Azpeitia Dantzan jaialdiari amaiera emanez. Berezia izango da, taldearen 35. urteurrena dela-eta, historiari errepasoa emango diotelako. Soreasun, 22:00etan.

'Gu sortu ginen enbor beretik...' jarri diozue izenburua. Zergatik?

Aurten Itsasik 35. urte betetzen dituela-eta, sortu zenetik gaur arteko lotura irudikatu nahi izan dugu, garai hartatik gaur arteko ibilbidearen prozesua azaltzeko. Sorrerako jenderik ez da gelditzen taldean, beste batzuk gaude orain, baina haiek sortutakoari lotuta.

Zer eskainiko duzue biharko saioan?

Azken urteetan bezala, dantza tradizionalak eskainiko ditugu (Itsasi horiekin sortu zen), baina baita azken urteetako bidetik jarraituz, euskal kanten gainean sortutakoak ere. Bien nahasketa izango da.

Jantzietan ere ikusiko da nahasketa hori?

Bai, jantzietan ere bai. Dantza zaharrak jantzi tradizionalekin egingo ditugu, eta azken 5 urteetan euskal kanten gainean egindako dantzekin darabiltzagun jantziak ere erabiliko ditugu.

Eta zerbait berezia prestatu al duzue, urteurrenaren harira?

35 urte horien prozesua nolakoa izan den azaldu nahi dugu eta argazki bidez egingo dugu. Argazkiak botako ditugu.

Zenbat lagunek hartuko duzue parte?

30 batek. Urte horietan guztietan izan diren generazio guztiek parte hartzea nahi genuen, eta ikasleek ere hartuko dute.