Sanagustin, edukiera handitzen

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2012ko eka. 12a, 14:41

Laster Sanagustin kulturgunean jende gehiago sartu ahal izango da, edukiera handitzeko lanak hasi berri dituelako Udalak, Kultur Mahaiak hala eskatuta. Duela urtebete pasatxo jo zuen Udalak ontzat proposamena —aurreko legealdian—, eta orain hasi da gauzatzen. Udal eraikina da Sanagustin.

Gaur egun 300 lagunentzako edukiera dauka kulturguneak eta lanak bukatutakoan legez beste 250 lagunentzat tokia izango da. 

"Sanagustin kulturguneak daraman jarduera, antolatzen dituen ekitaldiak eta herritarren harrera ona ikusita, kulturgunea mugatuta zegoen 300 lagunentzako edukierarekin. Beraz, lanak bukatzean Azpeitiko kultur eskaintza hobetzea lortuko da", esan du Udalak.

Orain arte larrialdietako atea Sanagustineko sarreran bertan egon da, eta aurrerantzean Udal Hirigintza Sailera igotzeko gunean izango da.

Lanek hilabete inguru iraungo dute, eta hogei mila euroko aurrekontua izango dute —Udalak finantzatuko du—. Kulturgunearen eguneroko jardunak ez du etenik izango.

Sanagustin kulturgunea 2010eko abenduan ireki zen. Iazko uztailaren 22tik osatuta dago eta Kultur Mahaiak du ordutik haren kudeaketa ardura. (hemen lehen zortzi hilabeteen balantzea). Kultur Mahaiak eskerrak eman dizkio Udalari edukiera handitzeko lanengatik.