Kultur Mahaia Zarautzen izan da, bere esperientzia kontatzen

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2011ko abe. 15a, 21:22

Ariola Zarauzko kultur mugimenduak antolatuta, ostiralean mahainguru batean parte hartu zuen Enekoitz Esnaola Kultur Mahaiko kideak. "Kultura politikoari" eman zion garrantzia. Gernikako Astra koordinakundeko eta Leitzako Atekabeltz elkarteko ordezkariak izan ziren beste solaskideak. Jende asko bildu zen. Argazkian, ekitaldiko une bat.

 

Ariola Zarautzen kultur mugimendu zabala eratu nahian dabil azkeneko hilabeteetan, eta lehengo ostiralean eta larunbatean jardunaldiak antolatu zituen, Oteiza Lizeoan: ostiralean (abenduaren 9an) hiru herritako kultur esperientzien berri izan zuten mahainguru batean eta larunbatean Ariolakoek euren batzarra egin zuten.

Hain zuzen, mahainguruko partaideetako bat Azpeitiko Kultur Mahaia izan zen; Enekoitz Esnaola haren ibilbideaz, antolaketaz, kultur komunikabideez edota Sanagustin kulturguneaz mintzatu zen. Gauzak egiteko moduari eman zion garrantzia, batik bat; "kultura politikoari". Beste bi solaskide izan zituen: Gernikako Astra koordinakundeko eta Leitzako Atekabeltz elkarteko ordezkariak. 80 bat lagun bildu ziren.

Mahainguruaren aurretik, Lorea Agirre Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak euskal kulturaren oinarriei buruzko hitzaldia eman zuen. Ariolako kide bat, berriz, Europako eraikuntzen biziberritzeaz mintzatu zen.

"Ariolak espazio sozio-kultural berri bat izan nahi du, erakargarria, herriko kultur beharrak, herritarrok ditugun behar sozio kulturalak asetuko dituena", dio Zarauzko kultur mugimenduak.